Landak nabarmendu du "pertsona libreak herri librean" izan nahi dutela: "Jarduera politikoaren kontrako eraso hauek politikoki aztertu behar ditugu. Espainiar estatua deseroso dago Euskal Herrian irekitzen ari den aro berriaren aurrean gauzak horrela, uste du errepresioaren bidez aldaketa eragozten ahal duela, zapuzketa eraginez, ilusioak itzaliz eta etsipena zabalduz". Bihar Bilbora joatera deitu du Landak: "Estatuaren blokeoa gainditzeko asmo osoa dugu: arrazoi juridiko eta politikoa eskuratuz eta herritarren mobilizazioaz". Haren esanetan, "herri gisa" erantzuteko garaia" da.
Esan bezala, 35/02 eta 26/11 sumarioetako auzipetuen artean dira Xabier de la Maza gaztea, Jose Luis Franco zein Maite Amezaga algortarrak eta Galdakaon bizi den Izaskun Barbarias urduliztarra. Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko Literatura irakaslea zein hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra. Besteak beste, Franco eta Amezagari erakunde terroristari laguntza eman izana leporatzen diete, eta zortzina urteko kartzela zigorra eskatzen diete, 35/02 sumarioaren barruan. Amezaga, adin txikiko bi seme-alabaren ama da eta eurak ez ezik, lanpostua bera ere utzi beharra dauka auzi saioetara joateko, Libre Getxon ekimenak salatu duenez. Bestalde, astelehenean deklaratu ondoren Jose Luis Francok ez du epaiketako saioetara joan beharrik izango, konklusioak ematen diren azken egunean ezik, ostiralean erabaki bezala. Algortarra adineko pertsona bat da eta bere osasun egoera dela eta, deklaratu behar duen saioetara baino ez bertaratzeko eskabidea egin zuen.
Jose Luis Franco 2002ko apirilaren 29tik 2003ko urriaren 28ra bitartean preso egon zen Navalcarneroko (Madril, Espainia) kartzelan eta Maite Amezaga 1998an, sei hilabetez, Avilakoan 18/98 sumarioa dela eta.
Herriko tabernak
Halere, horiek ez dira Auzitegi Nazionalera joan behar izan duten lagun bakarrak. Izan ere, 35/02 sumarioko 36 auziperatuez gain, auzian sartutako herriko tabernak kudeatzen dituzten 110 kultur elkarteen presidenteak ere egon ziren joan den astean Madrilen, epaiketaren lehenengo bi saioetan, tartean zirela Josu Iratza, Christian Reinicke, Joserra Elkoroaristizabal, Angel Sedano, Josu Cerrato, Pedro Ruiz, Josu Iturburu eta Jon Aldatz Urdulizko Iretargi, Algortako Gorrondatxe, Leioako Kurkudi, Erandioko Hegoalde, Astrabuduako Egoki, Sopelako Mikelats, Itzubaltzeta / Romoko Branka eta Berangoko Sei Herri kultur elkarteen ordezkariak. Abokatuen eskaerari jarraiki, horiek ere deklaratu behar duten egunean eta azken saioan baino ez direla agertu beharko erabaki zuen ostiralean epaileak. Akusazioen arabera "ETA finantzatzeko ezinbesteko partaide" izanda ere, elkarte horiek eta euren ordezkariak ez daude auziperatuta, baina sozietateen ondasunak bahitzeko arriskua dago.