Urte guzti hauetan interes mediatiko gutxi izan du guri suposatu izan digun saminak ordea, inork gutxik galdetu digu zer nolako ondorioak zituen eta dituen guzti honek gure bizitzetan. Geroztik, senideotaz gain, hainbat eragile batu dira erabat bidegabea den salbuespeneko neurri honen bukaeraren alde lan egitera. Euskal Herrian zein nazioartean egindako giza eskubideen aldeko lanak, eta honekin batera abokatuek egindako lan eskergak, bere emaitzak eman ditu azkenean zorionez.
Astelehenean urduritasunez itxaron genuen Europatik eman behar ziguten berria. Inesen askatasunaren aldeko erabakia entzun genuenean hainbat sentimendu eta pentsamendu nahastu zitzaizkigun bihotzean eta buruan. Alde batetik, tripan sentitzen genuen korapilo hura askatzen hasi zen, poza eta itxaropena sentitzen sentitzen hasi ginen aspaldiko partez. Baina beste alde batetik, poztasun neurtua izan zen, kanpoan bizitzen ari ginenontzat, zein barruan albistearen berri izaten ari zirenentzat. Askatasuna berreskuratuko dute eta haiekin batera guk ere, nahiz eta inork ezingo dizkigun bueltatu bidegabe ostutako urte guzti hauek. Baina oraindik orain ez dakigu noiz, ez dakigu zein izango den erabiliko duten "injenieritza", pasatzen den minutu bakoitzak urraketa horietan sakontzen du...eta bitarte honetan astakeri itzelak entzun behar ditugu hainbat medio eta adierazpenetan. Euren zigorra bere osotasunean bete eta horri gainera urteak gehitzeak nahikoa izango ez balitz bezala. Nora garamatza mendeku terminoetan planteatzen ari den mezu mediatiko bezain gogor hori? Zein interes egon daiteke mina infinitora luzatze nahi horren atzean?
Etxeratek ez dio sekula inori sufrimendua ukatu, ez dugu sekula egin eta ez dugu aurrerantzean egingo ere. Baina sufrimendu guztiekiko errespetu minimo bat eskatzen dugu, baita sarriegitan izkutatua izan den gure minarekiko ere. Zentzu horretan, denok arduraz jokatzeko deia egiten dugu senideok ere, sententzia hau giza eskubide guztien aldeko aurrerapausu izan dadin, urraketen amaierara hurbilduko gaituen pausu bat gehiago, ezin ahaztu dezakegulako eskubideen urraketak baimentzen dituzten salbuespeneko neurri gehiago daudela indarrean oraindik ere. Gaur bertan, milaka euskal herritarrok milaka kilometrotako bidaiak abiatuko ditugu, gure bizitza arriskuan jarriz, gure senide eta lagunak minutu gutxi batzuez ikusi ahal izateko.
Bada garaia denok eskubideen aldeko hautuan gure burua kokatzeko, denok desiratzen dugun bake justu eta iraunkor horretara hurbiltzeko; azken batean, datozen belaunaldiei jendarte bidezkoago eta libreago bat eskaintzeko. Etxeraten horren aldeko apustua egiten dugu, horren alde lanean jarraituko dugu eta deia luzatzen diegu eragile politiko, sozial, sindikal eta norbanako guztiei eskubide urraketa guztien aurrean, bat eginda lan egiteko.
Etxerat