PSE-EEk egindako adierazpenak aipagai izan ditu EAJ kritikatu du Eusko Jaurlaritzak "Euskadiko Eguna" ez ospatzean Legea urratzen duela esanez. Halere, PSE-EEk ez du gaur ekitaldirik egin, eta bideo bat zabaltzera mugatu da. Horren aburuz, legeria urratu duena "Estatutua azken 35 urteotan hustu duena" izan dela iritzi dio Ortuzarrek, PSE-EE, PP eta UPyDren botoekin onartu zen lege hari muzin eginez. Bere esanetan PPk "sinesgarritasun eskasa" du gaurko egunez estatutuari egin dion omenaldiarekin, eta esan du "urteko 365 egunetan Gernikara joan beharko lukeela, oso egun gutxitan joaten delako bere alderdiak urte osoan urratzen duen jarrera berresteko". "Bitxia da 35 urte hauetan Estatutua bete ez dutenek guri betetzea eskatzea, urte hauetan guztietan PSOE eta PPren gobernuak izan baitira Estatutua osotasunean garatzea eragotzi dutenak, eta oinarriko legeen bidez eskuduntzak eta autogobernua murrizten joan direnak", nabarmendu du.
EBBko presidenteak "hutsala eta faltsukeritzat" jo du orain "EAJren Gobernuari beste batek hustu duen Estatutua ospatzea eskatzea". "Guk aitortu eta ospatu egiten ditugu Estatutuak ekarri dizkigun lorpenak. Ez gara damutzen negoziatu izanaz edo Euskadin gaur dugun autogobernu egoerara iristeko kudeatu izanaz, baina hortik autogobernu ibilbidearen helmuga dela pentsatzeraino, bide handia dago oraindik" esan du.
"Euskadi eta Estatuaren arteko aldebikotasunak" huts egin duela zehaztu ondoren, Ortuzarrek esan du beharrezkoa dela" Euskadik autogobernurako urratsa ematea eta subiranotasun eskakizunak asetzea. Denok batuko gaituen puntu hori aurkitzen badugu, seguru nago hori ospatzeko eguna aurkituko dugula" gaineratu du.