Gonzalo Mira idazle astrabuduarrak "Noviembre" bere lehenengo nobela aurkeztu zuen pasa den ostiralean Madrilen, azken urteotan bizi den herria. 37 urtez, erandioztarrak poesian jardun du gehien, ehunaka ale sortu dituela. Gainera, narrazio labur nahikotxo ere idatzi du bidean, tartean "Miercoles" eta "Viernes" izenekoak. Miraren ustez, "Noviembre" sailkatzeko zaila da eta "eleberri magikotzat" jotzen du, "irakurlea amaieraraino, dena argitzen deneraino, harrapatuta mantentzen duelako". Halere, suspensea baino garrantzia gehiago dute sentimenduek eleberrian, bizi-historia bat kontatzen baitu. Liburuan, Andreak zailtasunei ihes egin dizkie beti eta oraingoan bere bizitzatik desagertzeari ekin dio, Victorrekin topatu arte. Horrek kontatutako historiak bizitza aldatuko dio. Gonzalo Mirak zazpi urte eman ditu eleberria idazten, musikak, kalean ikusitako kontuek eta ezagutzen dituen tokiek eragin diotela. Liburua bukatuta izan arren, Mirak hainbat zati berridatzi ditu, hiruzpalau aldiz, "gustura gelditu arte". Nobela
Letra Clara argitaletxe txikiak kaleratu zuen pasa den abuztuaren 1ean, eta Astrabuduako jaietan hainbat pasarte irakurri zituzten jendartean. Liburua 18 eurotan eskuratu daiteke argitaletxearen webgunean, dagoeneko 300 ale saldu dituztela. Bitartean, Mira bere hurrengo nobelan ari da ja lan egiten. Argazkian, Gonzalo Mira, ezkerrean, liburu bat sinatzen / © Letra Clara.