Eskubide Sozialen Karta eraikitzeko prozesua martxan jarri zen pasa den maiatzean Euskal Herrian, azken greba orokorra sustatu zuten jendarte eragileek eta sindikatuek dinamizatuta. "Leioan ere martxan jarriko gara" iragarri berri du
Leioan Bagabiz plataformak. Esan eta egin. Leioaztarrek gaur iluntzeko 8etarako deitu dute Eskubide Sozialen Karta idazteko lehen bilera, Sakoneta kiroldegian. Halere, argi utzi dute gaurkoan "prozesu partehartzaile bat diseinatzeko" lehen urratsa besterik ez dela izango, leioaztar "guztion parte hartzea ahalbidetzeko". Kartaren bidez, "Euskal Herrian aplikatzen ari diren politika neoliberalak goitik-behera aldatzea eta eraldaketa politiko eta soziala bultzatzea" nahi dute eskubide sozialen alde elkarlanean aritzen diren eragileek. Izan ere, "gehiengo sozial baten mesedetan egongo den eredu berri bat definitzeko beharrezkoak diren proposamen eta alternatibak jasoko lituzke" aipatu Kartak. Era berean, "Euskal Herriko erakunde ezberdinak interpelatzeko tresna litzateke, ezartzen ari diren politikak alda ditzaten". Argazkian, hilaren 5ean onartu zen Kartaren zirriborroa, Donostian burututako hirugarren nazio asanbladan. Ondoren, herri eta eskualdeetara bideratu dute eztabaida / © Eskubide Sozialen Karta.