Guggenheim rock museo bilakatuko dute egun batez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 28a, 22:33

Bilboko Guggenheim museoa rockaren museoa bihurtuko da azaroaren 16an, larunbatarekin. Izan ere, egun horretan Puppy txakurkume erraldoiak zaintzen duen titaniozko artelekuak “160 metros: una historia del rock en Bizkaia” espainolezko web dokumental osoaren aurkezpena hartuko du, arratsaldeko 8etan, Zinebi dokumental eta film labur Nazioarteko Zinemaldiaren 55. edizioaren programazioaren barruan. Guztira, 5 kapituluk osatzen dute film hori, eta oraingoz hiru besterik ez dira estreinatu. Ibaizabalaren bi ibarrek, Uribe Kosta eta Ezkerraldea, istorio propioa dute eta modu ezberdinean bizi izan zuten 90eko hamarkadan emandako eraldaketa sozial eta ekonomikoa. Bietan ordea, musikak garrantzia berezia izan zuen, musika talde ugari sortu baitziren: Eskorbuto, Zarama, Los Clavos, Parabellum eta beste hainbeste. Musika tresna gisa erabiliz, historian arakatzea proposatzen du 160 metros egitasmoak. Izena Bizkaiko Zubiaren luzerari egiten dio erreferentzia, 160 metrok bereizten baitituzte Ezkerraldea eta Uribe Kosta, punka eta Getxo Sound, alegia. Argazkian, filmazioaren irudi bat, Iñaki Elorriaga Getxoko Kultur Etxeko kideari elkarrizketa egiten / © 160 metros.

"Ruta 66" edota , "Mondosonoro"-n ibilitako Alvaro Fierro musika kazetaria eta Joseba Gorordo "Zu zara nagusia" eta "La Otxoa, sin complejos"-en errealizadorea dira dokumentalaren zuzendariak. Produktoreak Diego Urruchi eta Raul Lopez dira, Stereozona WebTV-ren eta Media Attack online bideo agentziaren arduradunak. “160 metros” proiektu transmedia da eta bere eduki zabalduak (artxibo edukiak, elkarrizketa osoak, sarrerak, argazkiak, eta abar) zein bereziki diseinatutako ekitaldiak gozatu ahalko dira Interneten bidez, EITBk zein Euskaltelek lagunduta.

Filmaren aurkezpena osatzeko kontzertu berezia egingo dute, dokumentalean agertzen diren taldeko kideak elkartuz (batzuk desagertuak). Besteak beste, Parabellum, Subversion X, Distorsion, Gris Perla, Los Clavos, Lord Sickness, El Inquilino Comunista, Cujo, Gringo, Ya te digo, Sonic Trash eta Quite Fantastic taldeak agertzen dira filmean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun