Urtzi Paul Larreak eta beste 10 presok gose grebari ekin diote

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 29a, 15:35

Urtzi Paul Larrea preso politiko algortarrak eta Sevilla II espetxean dauden beste hamar euskal gatibuk gose greba mugagabea abiatu dute espetxeko bizi-baldintzak salatzeko. Etxerat elkarteak zabaldu duenez, igandea eta astelehena arteko gauerdian ekin zioten protestari Sevillako Moron de la Frontera herriko espetxe hartan. Bertan diren hamahiru euskal presoetatik honakoek ekin diote "borrokaldiari": Urtzi Paul Larrea, Iker Agirre, Gurutz Agirresarobe, Koldo Aparicio, Asier Arzalluz, Juan Mari Etxebarri, Garikoitz Etxeberria, Jesus Goikoetxea, Manuel Gonzalez, Juan Lorenzo eta Roberto Lebrero. Bestalde, Javi Agirre eta Iñaki Arakama presoek "arrazoi ezberdinengatik ez dute gose greba abiatu, baina, bat egin dute borrokaldiarekin", Etxeraten arabera. Presoek beraiek azaldu dutenez, Euskal Herriratzen ez dituzten bitartean "isolamendu mugagabea amaitzea, kide guztiok batera egotea, gutxieneko eskubideak bermatuak izatea eta gure aurkako erasoak etetea" eskatzen dute. Gainera, ez dira espetxeko zuzendaritzarekin fidatzen: "honek ez du sekula adierazitakoa bete, behin eta berriz jan izan duelarik bere hitza". Argazkian, auzokideak kalean 2009an, Espainiako Polizia Nazionalak Urtzi Paul Larrea atxilotu zuela jakin ostean.

Sevillako espetxean hasieratik, orain dela lau urtetik, bizi izan dute "tentsio egoera gogorra", presoen senideek baieztatu bezala. "Muturreko" bizi-baldintzak jasaten dituzte: "beti isolamenduko moduluan izaten dituzte; ez diete inolako aktibitaterik egiten uzten; patiora irteterakoan metal detektagailutik igaro arazteaz gain, ukimenezko miaketa egiten dizkiete gorputz osotik, noiznahi barrabilak edo zakila ukitzera helduz, tentsio une handiak bizi dituzte; Arkaitz Bellon euskal preso politikoak jipoia jasan zuen; aurrez-aurreko bisitetatik bueltan miaketa integralak (osoki biluztera behartuz) egin izan dizkiete; senideei ere miaketak egin izan dizkiete aurrez-aurrekora edo lokutorietara sartzeko eta honen ondorioz zenbait bisita galdu dituzte; eta abar luze bat", azaldu dutenez.

"Egunero pairatzen dituzten eskubide urraketa" horien aurrean, espetxeko zuzendariarekin bildu izan dira, "baina, alperrik", Etxeraten ustez. Eta epaile zein espetxeetako idazkaritza orokorrari bideratutako kexa eta salaketek ere ez dute emaitzarik izan. Egoera horren aurrean borrokaldia hastea erabaki dute; "helburua bizitza duina eta osasuna zaintzeko bermea eskuratzea" dela.

Sevilla II espetxeko euskal presoen oharra

Borrokaldia hastea erabaki dugularik, honetara bultzatu gaituen egoeraren berri Euskal Herriari helaraztea da idazki honen helburua.

Duela lau urte, espetxe honetara lehen euskal presoak ekarri gintuztenetik, beti isolamenduko modulu berezian eduki gaituzte. Ez digute inolako aktibitaterik eskura jarri eta ondorioz lau orduko patioaldia baino ez dugu egunean, bertara hirunaka ateratzen gaituztelarik goiz edo arratsaldez. Honek, bi egunez behin, ziegan 26 ordu jarraian igaro beharra eragiten digu.

Patiora irteterakoan metal detektagailutik igaro arazteaz gain, ukimenezko miaketa egiten digute gorputz osotik, noiz nahi barrabilak edo zakila igurtzera helduz, aldioro tentsio uneak sortuz. Honek eragindako egoerengatik 72. artikulu delakoa ezartzen digute sarri, artikulu honek sortzen duen inpunitate egoerak (kideengatik banatuak, bakartasun osoa, inkomunikazioa...) ondorio larriak ekarri dituelarik askotan. Mehatxu zein irainak, oheari eskuburdinekin lotuta bukatu eta baita jipoi bortitzak eragin ere. Kartzelarien aldetik sorturiko tentsioak eta ezuste egoerak jada bi preso politikoen jipoitzeak eragin ditu. 2010eko azaroaren 14an lehenengoa, GRAPOko kide batek pairatutakoa eta 2013ko martxoaren 25ean bigarrena, Arkaitz Bellon euskal preso politikoak pairatutakoa.

Aurrez aurreko bisitetatik bueltan miaketa integralak (osoki biluztera behartuz) egin izan dizkigute. Senideei ere miaketak egin izan dizkiete aurrez aurrekora edo lokutorioetara sartzeko eta honen ondorioz zenbait bisita galdu ditugu.

Sendagilearen asteroko kontsulta ez zaigu bermatzen. Ezinezkoa zaigu noiz etorriko den jakitea eta ohikoa da 2 edo 3 astez sendagilerik ez agertzea.

Hainbat kidek osasun arazo kronikoak dituztela kontuan hartuta, ezin larriagoa bilakatzen den egoera da hau.

Egunero pairatzen ditugun eskubide urraketa zein gehiegikeria guzti haiek, ezin uler daitezke espetxeko Segurtasun Zuzendariordeak gertakari hauek babesteko, elikatzeko eta sustatzeko jarrerarik gabe. Gure aurkako probokazioa etengabea bilakatzen da eskubide urraketa guzti hauen bidez. Egoera bideratzeko helburuarekin hainbat aldiz espetxeko zuzendaritzarekin bildu izan gara, baina honek ez du sekula adierazitakoa bete, behin eta berriz jan izan duelarik bere hitza. Epaile zein espetxeetako idazkaritza orokorrari bideratutako kexa eta salaketek ere emaitza hutsalak izan dituzte.

Azkenean borrokari ekitea baino ez zaigu geratu. Helburua bizitza duin bat eta osasuna zaintzeko bermea eskuratzea da. Honetarako isolamendu mugagabea amaitzea, kide guztiok batera egotea, gutxieneko eskubideak bermatuak izatea eta gure aurkako erasoak etetea beharrezkoa izango da. Hauek dira gure oinarrizko aldarrikapenak Euskal Preso Politikoen Kolektibo osoarekin batera Euskal Herriratzen ez gaituzten bitartean. Dispertsioarekin bukatzea da honelako egoerekin behin betiko amaitzeko modu bakarra.

Borroka honetan gure herriaren babesa eta elkartasuna beharrezkoa izango dugulakoan gure borrokaldiarekin bat egitera deitzen zaituztegu, guztiok bat eginez lortuko baitugu. Beraz bada garaia!

Euskal preso politikoak amnistiaren bidean Euskal Herrira!

Sevillako euskal preso politikoak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun