Getxoko alkatea prest agertu da Urtzi Paulen egoera aztertzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko urr. 30a, 12:49

Imanol Landa Getxoko alkateak Etxerat elkartearekin batzartu eta gose greba mugagabeari ekin dion Urtzi Paul Larrea preso politiko algortarraren egoera aztertuko duela agindu zuen atzo. Ohiko Udalbatzaren azken puntuan izan zen hori, galde-eskeen txandan. Udal bilkura ohi baino luzeagoa izanda, gaueko 11ak arte itxaron behar izan zuen Etxeraten ordezkariak alkateari zuzentzeko. Paul eta Sevilla II espetxean dauden beste hamar euskal gatibuk gose greba mugagabea abiatu dutela jakinarazi zion, eta baita horren arrazoiak azaldu ere: "beti isolamenduko moduluan izaten dituzte; ez diete inolako aktibitaterik egiten uzten; patiora irteterakoan metal detektagailutik igaro arazteaz gain, ukimenezko miaketa egiten dizkiete gorputz osotik, noiznahi barrabilak edo zakila ukitzera helduz, tentsio une handiak bizi dituzte; Arkaitz Bellon euskal preso politikoak jipoia jasan zuen; aurrez-aurreko bisitetatik bueltan miaketa integralak (osoki biluztera behartuz) egin izan dizkiete; senideei ere miaketak egin izan dizkiete aurrez-aurrekora edo lokutorietara sartzeko eta honen ondorioz zenbait bisita galdu dituzte; eta abar luze bat", gogoratu zuenez. EPPKko presoen senideen eledunak Sevilla II espetxeko zuzendaritzarengana jo eta getxoztarra den Urtzi Paulen egoeragatik interesatzeko galdegin zion Landari. Alkateak gaur goizean Alkatetzan hitzordua eskatzeko erantzun zion, Etxeratekin bildu eta informazio gehiago jasotzeko. Argazkian, Urtzi Paul Larrea / cc-by Getxo Presoak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun