Atzoko ekitaldian, Ramiro Pinillak eskerrak eman zituen sariagatik, Maria Bengoa bere bikotekideari bereziki: "Inoiz ez dut aipatu, baina egin beharra daukat, bere bete-beteko arduraldia izan baitu eta nik susmatu ere ezin izango nituzkeen akatsak topatu izan ditu. Bere laguntza erabakigarririk gabe, emaitza, hain garbia, ez zen izango izan dena", aitortu zuen.
Bestalde, 90 urteko idazle getxoztarrak onartu zuen "eleberrian osagai biografiko handia" dagoela: "ni oso txarra nintzen futbolean jolasten. Penagarria nintzen, baina nobelan futbolista senti naiteke. Ni naiz liburua bizi dena benetako jokalari batean berraragiztatu naizelako. Athleticek eragiten didan emozioa azaltzeko ere baliagarria egin zait eleberria, izan ere azaltzeko zaila da", azaldu zuen. Liburua laburbilduz, "azken nahitzat" jo zuen: "euskal futbolaren nire ikuskera da", amaitu zuen.
Pinillak irabazitako sarirako beste lan finalistak izan dira "Aspera llama" (Carlos Aurtenetxe), "La vida ondulante" (Jose Ramon Eder), "Tal vez sea suficiente" (Alejandro Fernandez), "Alimento para moscas" (Jon Obeso) eta "Una comedia canalla" (Ivan Repila).
Ramiro Pinilla
Ramiro Pinilla Bilbon jaio zen 1923an. 1961ean, "Las ciegas hormigas" eleberriarekin egin zen ezagun eta Nadal Saria eta Kritikaren Saria eskuratu zituen. "Seno" liburu dela bide 1971ko Planeta Sarian finalista izan ondoren, bere ibilbidea ohiko literatur zirkuituetatik at garatu du Ramiro Pinillak. Bere argitaletxea sortu eta liburuak bere kasa saltzeraino iritsi zen. 2004tik aurrera, "Verdes valles, colinas rojas" trilogiaren bidez gaztelaniazko literatur saririk garrantzitsuenetako batzuk irabazi zituen. 2005ean, eleberriaren Euskadi Saria jaso zuen lehen aldiz, eta hurrengo urtean Espainiako Kritikaren Saria eta Espainiako Narratibaren Saria eskuratu zituen. Horrela berriz ere lehen lerrora itzuli zen Getxoko Walden baserrian bizi den Pinilla, bati baino gehiagori idazle garaikiderik onenen artean dagoela erakutsiz. Horrelaxe berresten dute "La higuera" (2006), "Antonio B. el Ruso, ciudadano de tercera" eta "Sólo un muerto más" (2009) eleberriek, guztiak ere Tusquets Editores etxean argitaratuak.
"Aquella edad inolvidable"
"Aquella edad inolvidable" da, agian, bere lanik hunkigarriena. Etsipenari buruzko eta duintasunari eustearen inguruko istorioa, maitasun istorio bizia, familia-kontakizun hunkigarria eta alegia moral gogoangarria. Souto Menaya, “Botas”, ospea eta loria ezagutu arren orain zulo beltzean dagoen futbol jokalaria da. 1943ko Errege Koparen finalean gol historikoa egin ondoren, bere ibilbidea bat batean eten egin da, herren eta ia elbarri utzi duen lesio baten ondorioz. Igeltsero lana utzita futbolari profesional izatera iritsi den mutilak, herriko futbol taldeetatik Athletic-erako jauzia egiteko ametsa bete duenak, eserita egin beharreko lan bat behar du orain, eta kromoak kartazaletan sartzen hastea onartu behar izan du. Futbol-bildumetan bere argazkiarekin topo egitea, bizi duen hondamendiari umore beltzezko zipriztin bat gehitzea izango da. Patuak aurpegirik beltzena erakutsi zionetik, Soutok badaki bizitzako urterik onenak atzean gelditu direla, Irunerekin duen harremanari uko egin beharko diola eta gurasoen erretiro desiratuari agur esan. Garai bateko adin ahaztezin hura, aitari eskutik helduta Athletic-ekin negar eta barre egiten zuen sasoi hura ere dagoeneko ez zaio kontsolagarri... Baina orduan, kazetari bat berarekin gogoratuko da, eta proposamen tentagarria egingo dio.