Udako nagiak astintzeko denbora luzea hartuta, Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak gaur abiatuko du ikasturte berria. Egizu! Getxo Euskaldun elkarteak zabaldu duenez, idazle gonbidatua Peru Magdalena Arriaga durangarra izango da, 19:30etik aurrera, “Egia esan” bere azken eleberriaz mintzatuko dena literatura zaleekin. Hitzordua Algortako Villamonte kaleko kultur etxean jarri dute. Magdalena 33 urteko sortzaile polifazetikoa da, idazle, bertsolari, margolari, diseinugile, ingeniari eta kazetari aritu dela. Literaturari dagokionez, "Lile" liburua izan zen bere lehenengo eleberria, 2006an argitaratu zuena. Bi urte beranduago, "Hutsik" poesia liburua eta "Ilania" haurrentzako album ilustratua plazaratu zuen. 2011an, "Txomintxo eta Perutxo bakarrik geratu dira etxean" haurrentzako liburua eman zuen argitara. Argazkian, aurtengo maiatzaren 21ean aurkeztu zuen durangarrak bere azken liburua / cc-by-nc Anboto.org.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!