"Twist"
"Twist" eleberriko 429 orrialdetan kontatzen denez, Soto eta Zeberio bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin zituzten. Diego Lazkano idazleak gogoan betiko txertaturik daramatza bi lagunak, ezin ditu oroimenetik uxatu, bi itzal haietatik elikatzen ari da hogeitaka urtetan, Soto eta Zeberioren ordez bizi ote den zalantzarekin, haien ordez bizitzea balitz bezala bere erantzukizuna. Errua, maitasuna, traizioa, sexua, indarkeria, lotsa, justizia, erredentzioa, usurpazioa, antzezpena... asko dira Twist nobelako hariak, baina denen gainetik nagusitzen da adiskidetasunari egindako kantua.
Harkaitz Cano
Harkaitz Cano Lasarten jaio zen, 1975ean. Donostian burutu zituen zuzenbide ikasketak, baina idaztea izan du beti ogibide. "Twist" nobela (2011) da argitaratu duen fikziozko azken literatur lana. "Beluna jazz" (1996) eta "Pasaia blues" (1999) eleberriak, "Belarraren ahoa" (2004) ukronia, "Neguko zirkua" (2005) ipuin bilduma eta irailaren 11ko erasoen aurretiko New Yorkeko bere egonaldian mamitutako "Piano gainean gosaltzen" (2000) kronika ere argitaratu ditu, besteak beste. Hiri horrekiko bere harremanaren fruitu izan zen, halaber, "Norbait dabil sute-eskaileran" (2001) poema bilduma. Hamar urte beranduago heldu zen gaztelaniaz idatzitako poema liburu bat: "Compro oro" (2011). Telebista eta komiki gidoilari gisa aritua da, eta irudiaren munduarekiko bere kezkak aletu zituen saiakera batean: "Zinea eta literatura: begiaren ajeak" (2008). Hanif Kureishi eta Allen Ginsberg euskaratzeaz gain, bera arduratu izan da eskuarki bere lanetako asko autoitzultzeaz ("etengabea da berridazketaren tentazioa" dio). Haur literatura ere idazten du tarteka. Diziplina ezberdinen arteko nahasketarako bere joeraren erakusle dira, bestalde, hainbat artista plastiko, musikari eta dantzarirekin elkarlanean burututako egitasmoak. Birritan irabazi du Euskadi Saria eta beste bi aldiz Espainiako Kritikarena. "Twist" nobelarekin, Beterriko Liburua aipamena ere erdietsi zuen. Nederlanderaz, galegoz, grezieraz, ingelesez, gaztelaniaz, errusieraz, alemanez eta italieraz irakur daitezke bere liburuak.