Alkatearen ustez, Getxon lehiakorra den kirola egiten da eta berarekin gozatzen dute, baina, era berean, baita osasunari eta ongizateari lotutako kirola eginda ere, berezko dituen balio positiboak, nolanahi ere, sustatuz eta zabalduz.
“Sari hau erabili behar dugu, hortaz, Getxoko udalerria kirol praktikaren modalitate eta adierazpen desberdinekin, eta beraz, osasuna eta ongizatearekin, engaiatutako toki ezin hobea egiten duten pertsona eta kirol elkarte guztien lana goraipatzeko. Baina, batez ere, errealitate hau bultzatzeko, energia berrien eta lerro berdinetatik lanean diharduten europar hirietan garatutako beste eredu batzuekiko dagoen aldea sorburu duen etengabeko hobekuntzaren bitartez”, aipatu du alkateak.
Kirol ordezkaritzaren partaideak
Bai errendimendu handiko kirola, bai kirol parte-hartzaile eta afizionatuak behar bezalako ordezkariak izango dituzte, Bruselara udal agintariekin batera joango diren hiru ordezkarien bitartez.
Vicky Aparicio, Getxo Kirolen antolatutako kirol ikastaroetan izena emanda urte gehien daramaten pertsonetako bat da. ”Kirola egiteak dakarren bizitasun eta osasunaren eredua da”, eta kirol parte-hartzaile eta afizionatuaren ordezkari gisa joango da. “Getxo Kiroletako kirol ikastaroek bizi-kalitate osasungarria eman didate, urte hauetan guztietan pertsona guztiz ezberdinak ezagutzea bermatu didaten neurri berean”, aitortu du Apariciok ordezkarien aurkezpenean.
Yahaira Agirre judoka Espainiako txapelduna izan da 16 aldiz, maila ezberdinetan. Munduko Txapelketako hainbat probatan ere domina lortu du. Eta 2007an, Getxoko kirolari onena izendatu zuten. Yahairak errendimendu handiko kirola ordezkatuko du, “hainbat kirol modalitateetan maila gorenean lehiatzen diren udalerriko kirolari taldea”. Agirrek, bere aldetik, azpimarratu du “Getxok sari hau merezi duela, instalazio paregabeak dituelako eta Europako gainontzeko hirientzat eredugarria delako”.
Alberto Olalde Getxoko Aixerrota Boleibol Taldearen arima nagusia da. “Eskola umeen artean emakumezkoen boleibola suspertu zuen taldearena, eta, hartara, ezin hobeto ordezkatzen ditu, gogoz eta eskuzabaltasunez beren lanarekin Getxoko kirol elkarteak Europan ezagutu ditzaten lortzen duten pertsona guztiak”. Olalderentzat, “izendapen hau, erronka berria da klubentzat, beren jarduerak kalitate ahalik eta handienarekin egiten segi dezaten, eta aukera bat Europan garatutako esperientziak ezagutzeko”.
Hautagaitzan gastatutako dirua
2014ko Kirolaren Europako Hiriaren Getxoko hautagaitza dela eta, 10.000 euroko inbertsioa egin da. "Itzultzeko erraza den kopurua" dela defendatu du Getxoko Udal Talde jeltzaleak. Bi argudio erabili dituzte horretarako. Alde batetik, "hiritarren artean kirola egitea sustatzeak dakartzan sanitate-aurrezpen eta gizarte-onura" aipatu dute. Beste aldetik, Kirolaren Europako Hiriaren Sariak "irabazi ekonomikoak" ekarriko dituelakoan daude jeltzaleak. Horretarako, "Getxo Kirolak indartzeak, Europako Batasunaren diru-laguntzak jasotzeko aukerak, eremu europarrean praktika onak ikasteak, ekintzak antolatzeak eta Getxo marka helmuga turistikotzat sustatzeak dakarten" balizko irabaziak zerrendatu dituzte.