Ertzaintzak 22 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo arratsaldean Getxo udalerrian, ibilgailu batetik telefono mugikor bat lapurtzea egotzita. Telefonoak kokapen sistema aktibatuta zeukan, eta horri esker gailua berreskuratu eta ustezko lapurra atxilotu dute. Atzo arratsaldean bertan, partikular batek Ertzaintzari deitu zion autoko leihoa hautsi eta ibilgailuaren barrutik telefono mugikorra lapurtu ziotela salatzeko. Telefono mugikorrak piztuta zuen GPS bidezko kokapen sistemari esker, ertzainek non zegoen zehaztu ahal izan zuten. Toki horretara joan zirenean, gazte bat taberna bateko komunean ezkutatu ei zela ohartu ziren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako bertsioaren arabera. Ertzainek gaztea komunetik irten arte itxaron zuten, eta ondoren "miaketa prebentiboa" egin zioten, baina ez zioten gainean ezer aurkitu. Dena den, komuna behatu eta komunontziaren atzean lapurtutako telefonoa aurkitu zuten, komuneko paperean bilduta. Horren ondorioz, ertzainek 22 urteko gaztea atxilotu zuten indarra erabiliz lapurreta egin zuelakoan.