Erdaldunen hizkuntza eskubideak aski bermatzen badira ere, hauen gailentasuna kolokan jarri ezkero Estatuaren mekanismo zigortzaleak aktibatzen dira legeak betetzen ez direnaren aitzakian. Bidasoaren alde bietan errepikatzen den errealitatea dugu berau, dela Falloux legea, dela vascuencearen legea, edo direla konstituzioak. Euskaldunon hizkuntza eskubideen etengabeko urraketen aurrean, aldiz, hemen ez da ezer gertatzen. Euskaraz bizitzeko urrats ororen aurrean behin eta berriz trabatzen gara muga legal itogarrien sarean, espainiar zein frantziar administraziopean. Horixe bera baita aipatu marko juridikoen helburua: Euskal Herri euskaldunaren aldeko herri gogoa itotzea.
Muga horien aurrean, alta, badugu zereginik euskaldunok.
Maila sozialean, euskaraz bizitzeko hautua indartu behar dugu maila pertsonalean zein komunitatearen baitan. Euskaraz bizitzeko herri euskaldunak dituen zailtasunek norbanakoengan daukate eraginik nabarmenena. Euskaraz bizitzen saiatzen jarraitzen dugu askok oraindik, baina erdarekiko sumisioa barruraino sartuta daukagu. Egoera horretaz kontziente izan edo ez, berau iraultzeko bideak eraiki behar ditugu. Herri euskaldunak, norbanakook, autodeterminazio ariketa egin behar dugu ezinbestean, euskaraz bizitzeko dauden oztopoak gainditzen lagunduko digun ariketa. Honekin batera espazioak euskalduntzea eta gaur eguneko euskararen arnasguneak babestea garrantzitsua da euskaraz biziko den herriaren erakusleiho baitira.
Maila politikoan, hizkuntza politika burujabea garatzeko herri eskubidea aldarrikatu behar dugu. Argi eta garbi esan behar dugu euskarari lehentasuna emanaz, berreuskalduntze prozesua helburutzat izango duen hizkuntza politika behar dugula, eta hori inongo kanpo esku hartzerik gabe Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea daukagula. Maila juridikoan, aldiz, euskarak gaur eguneko menpeko estatusak gainditu eta lehentasunezko estatusa behar du Euskal Herri osoan.
Herri euskalduna berreraikitzeko asimilazioari aurre egin behar diogu. Ez gaude gure herrian eta gure hizkuntzan bizitzeagatik enegarren mailako herritar izatea onartzeko prest.
Zarauzko Udalak euskaraz bizitzeko bidean pausu garrantzitsuak eman ditu aurten. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartu eta otsailaren 27an hizkuntza irizpideak berritu zituen. Aipatu irizpideotan euskarari lehentasuna ematen dio udalak, euskararen normalizaziorako beharrezkoa dena. Gainera, udaleko alderdi guztiek, PPk izan ezik, bat egin zuten irizpide hauen onarpenean.
Orain, Espainiako abokatuak auzitara eraman du Zarauzko Udala, herritarrekiko tratua nahiz kontratazio publikoak euskaraz egiteak legea urratzen duela argudiatuta. Gure nahiak guztiz zilegi dira, munduko beste edozein herritar bezala bizi nahi baitugu, gure hizkuntzan. Bada garaia euskarak merezi duen estatusa izan dezan. Bada garaia gure hizkuntzan lasaitasun osoz bizi gaitezen. Zarauzko Udalak eta beste 35 udalerrik euskaraz bizitzea ahalbidetzeko pausuak eman, eta oztopoak datoz orain. Erasoaren dimentsioa oso handia da, hortaz.
Horren aurrean, ekimen eraikitzaile eta parte hartzailea egin nahi dugu EHEtik, hizkuntza irizpideak ezarri dituzten udalei gure babes osoa erakusteko, eta, aldi berean, Urquijo eta Espainiako abokatuaren jarrera itxi eta zapaltzailea salatzeko.
Azaroaren 3an, Zarauzko Munoa Plazan elkartuko gara 11:00etan eta mosaiko erraldoi bat osatuko dugu. Ondoren, kalejiran joango gara udaletxe aurrera, eta, bertan, hamaiketako ederra egingo dugu.
Zentzu horretan, euskaraz bizitzen segitzeko eta euskal herri euskaldunaren alde borrokatzeko konpromisoa berresten dugu EHEtik, baina guk bakarrik ez dugu ezer lortuko. Ezinbestekoa da bakoitzak beretik eta guztion artean, auzolanean bultza egitea. Horregatik, heldu den igandean egingo dugun ekimenean parte hartzeko gomita luzatzen diegu herri euskaldunarentzat hain beharrezkoak diren neurri ausart hauei babesa agertzeko. Guztion artean lortuko dugu euskaraz biziko den herria berreraikitzea.
Gaurkoan aurkeztu dizuegun ekimenak, eraikitzailea izan nahi badu ere, eraso bati eman beharreko erantzuna dakar. Alabaina, EHEtik, hurrengo asteotan aurkeztuko dizuegun bide bat zabaltzen ari gara euskaldunok udalarekin izan nahi dugun harremanaren inguruan. Euskaraz biziko den herria bakoitzak beretik eta guztion artean eraikitzen hasi gaitezke gaurdanik, inoren eta ezeren zain egoteke. Zentzu horretan, tresnak jarriko ditugu herritarren eskura, hauen eta udalaren arteko harremanak euskaraz izan daitezen. Etxetik udalera, euskaraz aurrera!
Euskal Herrian Euskaraz (EHE)