Halloween hitza ingelesezko All Hallows' Evening (Santu Guztien arratsaldea) edo All Hallows' Eve (Santu Guztien bezpera) izenaren kontrakzioa da.. Jatorri irlandarra duen ohitura hori aurretiko beste jai bat du sorburu: Samhain ("Udaren Amaiera", Irlandako gaelikoz) jaialdia, edo iluntasuna ekartzen zuen zelten Urtezahar Eguna, alegia. Urte batetik bestera igarotzeaz gain, Samhain gaua mundu honetatik bestera jauzia emateko aukera zela uste zuten zeltek.
Euskal jaia ere bada
Halere, Halloween jaia Arimen Eguna euskal jaiaren antz-antzekoa da. Kristau egutegiaren Santu Guztien Egunaren aurreko gauean ospatzen da, hilak, martiriak eta santuak gogoan izateko egunetan. Euskal Herrian ere ospakizunak egiten ziren Santu Guztien Egunaren bezperan, eta XX. mende arte berezko ohitura zen kuiak, patatak, erremolatxak edo arbiak hustu eta kandelak jartzea, baserrietan bildu eta gaztaina erreak jatea edo umeak eskean ibiltzea.