Aurtengo ardatza berdintasunak gizarteari ekartzen dizkion onurak azpimarratzea izan da. Urriaren 1etik 31ra bitartean burutu da, 31 udalerri ezberdinetan antolatu diren ehun ekintza baino gehiagotan. Ekintza horien antolamenduan 80 entitate inguru egon dira, izaera ezberdinetakoak: erakunde publikoak, enpresak, elkarteak, fundazioak, sindikatuak eta abar. Uribe Kostan, Gizatiar Areeta eta Itzubaltzeta / Romoko emakume elkartea, Urdulizko Inola elkartea, Uribe Kostako Emakumeen Kontseilua eta Algortako Terapia eta Genero elkarteek hartu dute parte.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria pozik agertu da gunearen lehen balorazioa egitean, 5.000 pertsona inguruk parte hartu baitute lehen zenbatespenen arabera. Ekintza horietan berdintasunaren inguruan gaurkotasun handia duten gaiak jorratu dira, Landaidaren hitzetan: "Hitz egin da abortoari buruz, zaintza partekatuari buruz, emakumeen ahalduntzeaz, komunikabideetan agertzen diren estereotipo eta rolei buruz, enpresetan berdintasunak lehiakortasunean duen garrantziaz, emakumeak politikan bizi duten egoera, emakumeak eta osasuna, gazteen hezkuntza eta abar luze bat".
Bizkaian, honako herrietan egin dira ekintzak: Algorta, Areeta, Urduliz, Barakaldo, Bermeo, Bilbao, Durango, Ermua, Igorre, Lezama, Markina-Xemein, Portugalete eta Trapagaran; Gipuzkoan, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Donostia, Orereta, Getaria, Lezo, Oñati, Orio, Urnieta eta Zumaian; eta Araban, Amurrio, Arkauti, Gasteiz, Bastida eta Laudion.
Karpa ibiltaria
Bestalde, Berdintasunerako Gunearen karpa ibiltaritik beste 4.000 pertsona inguru pasatu dira. Horietatik 600 inguruk atera dute argazkia "Berdin gehiago da" leloarekin, 185ek mezuren bat utzi dute berdintasunari buruz Berdingehiagoda.com webgunean, eta 1.800 kubo itsatsiz egitura erraldoi bat egitea lortu dute "Berdin gehiago da" leloarekin. Karpa Getxo, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Amurrio, Laudio, Durango, Portugalete eta Orereta udalerrietatik ibili da hilabete osoan zehar.
Landaidaren hitzetan, "hiritarrek eraiki duten egitura erraldoiak erakusten du berdintasuna denon artean lortu behar dugula, denok jarri behar dugula zerbait lortzeko, horren sinboloa izan nahi du".