Bruselan izango da gaur Imanol Landa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko aza. 6a, 13:46

Gaur, asteazkena, Europako Legebiltzarrak Bruselan duen egoitzan, Getxoko ordezkaritzak jasoko du 2014ko Europako Kirolaren Hiria Sarietako bat, ACES Europe erakundeak udan agindutakoa. Saria jasotzera joango dira Imanol Landa alkatea, Alvaro Gonzalez Kirol zinegotzia eta beste hiru lagun: Alberto Olalde, Getxoko Aixerrota Boleibol Taldeko entrenatzaile eta arduraduna, Yahaira Agirre judoka eta Vicky Aparicio auzotarra, hirurak kirol parte-hartzaile eta afizionatuaren zein errendimendu handikoaren ordezkariak. Halere, arreta guztia Cardiff-eko ordezkariek bereganatuko dute, Galesko hiriburuak irabazi baitu 2014ko Europako Kirolaren Hiriburu Saria, sari nagusia, alegia. Bestalde, Getxorekin batera beste 17 udalerrik jasoko dute 2014ko Europako Kirolaren Hiria Saria, inoiz baino saritu gehien egon den urte honetan. Haien artean daude Santander, Logroño, Kordoba, Pavia edo Brindisi. Aurreko bi urteotan 10 izan ziren aukeratutako hiriak; 2011rako, 7; 2010ean, 3; 2009an lau; eta aurreko bi urteotan hiruna. Euskal Herrian, Bilbok baino ez zuen eskuratu 2012an. Gaurkoan beste 14 udalerrik, 2014ko Europako Kirolaren Hiribildua Saria eskuratuko dute eta, azkenik, hiru izango dira saritutako komunitateak. Gogoratu beharra dago, hautagaitza aurkeztu aurretik ACES Europeko bazkidetza egin behar duela hiri bakoitzak. Getxoko Udalak aitortu duenez, saria eskuratzeko 10.000 euro gastatu dituzte. Argazkian, gaur Bruselan izango den Getxoko ordezkaritza / © Getxoko Udala.

Imanol Landa alkatearen aburuz, “aukera aparta da, hartara, Getxon bertan ditugun ekipamendu on eta baldintza naturalei esker, eta batez ere, multzo aberatsa osatzen duten udalerriko kirol talde eta elkarteen eta Getxo Kirolen arteko elkarlan erabakigarriari esker gozatzen dugun kirol eskaintza zabal eta askotarikoaren egiazkotasuna aitortzeko”.

Alkatearen ustez, Getxon lehiakorra den kirola egiten da eta berarekin gozatzen dute, baina, era berean, baita osasunari eta ongizateari lotutako kirola eginda ere, berezko dituen balio positiboak, nolanahi ere, sustatuz eta zabalduz.

“Sari hau erabili behar dugu, hortaz, Getxoko udalerria kirol praktikaren modalitate eta adierazpen desberdinekin, eta beraz, osasuna eta ongizatearekin, engaiatutako toki ezin hobea egiten duten pertsona eta kirol elkarte guztien lana goraipatzeko. Baina, batez ere, errealitate hau bultzatzeko, energia berrien eta lerro berdinetatik lanean diharduten europar hirietan garatutako beste eredu batzuekiko dagoen aldea sorburu duen etengabeko hobekuntzaren bitartez”, aipatu du alkateak.

Kirol ordezkaritzaren partaideak

Bai errendimendu handiko kirola, bai kirol parte-hartzaile eta afizionatuak behar bezalako ordezkariak izango dituzte, Bruselara udal agintariekin batera joango diren hiru ordezkarien bitartez.

Vicky Aparicio, Getxo Kirolen antolatutako kirol ikastaroetan izena emanda urte gehien daramaten pertsonetako bat da. ”Kirola egiteak dakarren bizitasun eta osasunaren eredua da”, eta kirol parte-hartzaile eta afizionatuaren ordezkari gisa joango da. “Getxo Kiroletako kirol ikastaroek bizi-kalitate osasungarria eman didate, urte hauetan guztietan pertsona guztiz ezberdinak ezagutzea bermatu didaten neurri berean”, aitortu du Apariciok ordezkarien aurkezpenean.

Yahaira Agirre judoka Espainiako txapelduna izan da 16 aldiz, maila ezberdinetan. Munduko Txapelketako hainbat probatan ere domina lortu du. Eta 2007an, Getxoko kirolari onena izendatu zuten. Yahairak errendimendu handiko kirola ordezkatuko du, “hainbat kirol modalitateetan maila gorenean lehiatzen diren udalerriko kirolari taldea”. Agirrek, bere aldetik, azpimarratu du “Getxok sari hau merezi duela, instalazio paregabeak dituelako eta Europako gainontzeko hirientzat eredugarria delako”.

Alberto Olalde Getxoko Aixerrota Boleibol Taldearen arima nagusia da. “Eskola umeen artean emakumezkoen boleibola suspertu zuen taldearena, eta, hartara, ezin hobeto ordezkatzen ditu, gogoz eta eskuzabaltasunez beren lanarekin Getxoko kirol elkarteak Europan ezagutu ditzaten lortzen duten pertsona guztiak”. Olalderentzat, “izendapen hau, erronka berria da klubentzat, beren jarduerak kalitate ahalik eta handienarekin egiten segi dezaten, eta aukera bat Europan garatutako esperientziak ezagutzeko”.

Hautagaitzan gastatutako dirua

2014ko Kirolaren Europako Hiriaren Getxoko hautagaitza dela eta, 10.000 euroko "inbertsioa" egin da. "Itzultzeko erraza den kopurua" dela defendatu du Getxoko Udal Talde jeltzaleak. Bi argudio erabili dituzte horretarako. Alde batetik, "hiritarren artean kirola egitea sustatzeak dakartzan sanitate-aurrezpen eta gizarte-onura" aipatu dute. Beste aldetik, Kirolaren Europako Hiriaren Sariak "irabazi ekonomikoak" ekarriko dituelakoan daude jeltzaleak. Horretarako, "Getxo Kirolak indartzeak, Europako Batasunaren diru-laguntzak jasotzeko aukerak, eremu europarrean praktika onak ikasteak, ekintzak antolatzeak eta Getxo marka helmuga turistikotzat sustatzeak dakarten" balizko irabaziak zerrendatu dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun