Bihar, ostegunarekin, "Emakumeek zientzia egiten dute" hizketaldi zikloa abiatuko dute Bilboko Bidebarrieta liburutegian, arratsaldeko 7:30ean. Lehenengo saioan, Txaro Uliarte Larriketa erizainak eta Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako irakasleak eta Arantza Urkaregi Matematikan doktoreak eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak Florence Nightingale-ren (1820-1910) bizitza eta lana aztertuko dute. Nightingalek gaur egungo erizaintzaren oinarriak ezarri zituen: konturatu zen Krimeako Gerran hiltzen ari ziren gerlariak gudako zauriengatik baino gehiago infekzio arazoengatik hiltzen zirela. Aurkikuntza hark milaka hildako saihestu zituen. Hurrengo hiru ostegunetako protagonistak, Marie Curie, emakume zientzialariak oro har eta Mary Leakey izango dira. Zikloaren xedea "ahaztuta dauden emakumezko zientzialari batzuen bizitza eta lana gogora ekartzea" da. Asmo horrekin antolatu dute ekimena EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Bilboko Udalak. Saio guztietan sarrera doakoa izango da. Argazkian, Arantza Urkaregi irakaslea.