Plaza Beltzaren 4. urteurreneko egitaraua
Azaroak 6, asteazkena
• 20:00etan, militantziaren inguruko solasaldia, Sopelako Kurtzio kultur etxean.
Plaza Beltzak gogoratu duenez, "militantzia politikoa gainbeheran dagoela esaten dute batzuek, baina zer dakigu militantziaren inguruan? Gure hizkera politikoan erabiltzen ditugun hitzen inguruko hausnarketa sakona ez egiteko joera daukagu. Militantzia haietariko bat da". Hausnarketa horretan laguntzeko militantzia beraren inguruko mahai-ingurua prestatu dute. Bertan jatorri ezberdineko militanteek hartuko dute parte: mugimendu asanblearioko, Gazte Komunisten Kolektiboetako (GKK), eta ezker abertzaleko kideak egongo dira.
Azaroak 9, larunbata
• 16:00etan. Mural politikoen IV. topaketa Sopelan.
Antolatzaileen arabera, "ideiak zabaltzeko edo hainbat egoera salatzeko bestelako baliabiderik eduki ez eta hormak erabili izan ditu herri xeheak beti. Hala ere, gaur egun, informazioa abiada itzelean transmititzen da eta kalean mezu iraunkorrak uzteko ohitura galtzen ari da. Hori berreskuratzeko asmoz mural politikoen topaketa burutuko dugu berriro ere. Horretarako, esandako orduan gaztetxean geratu gara, denak elkarrekin prestatutako lekura joateko. Materiala, formatua, zein mezua askeak izango dira eta egongo diren limite bakarrak puntualitatea eta prestatutako lekuan egitea izango dira".
• 21:00etan, kontzertua Jauregizar plazan, RCB eta Shinigami taldeekin. Ostean, Naparra dj-ak musika ipiniko du.
Plaza Beltzak, zazpi urte
Plaza Beltza kolektiboa 2006ko udazkenean sortu zen, "kultura plazaratzeko eta ideiak zabaltzeko" asmoz, eta 2006ko abenduaren 23an burutu zuen bere lehenengo ekimena, bigarren eskuko liburu azokatxoa. Hasieratik lokala irekitzea izan zuten jomugatzat eta hasiera batean, helburu horrekin dirua irabazteko liburu azokak eta jaiak izan zituzten hizpide. Lokala hitzartuta, lan luzea izan zuten aretoa egokitzeko, taldea sortu eta hiru urtetara estreinatu zutela. Handik aurrera, makina bat ekitaldi burutu dituzte, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, bideo-forumak eta baita kontzertuak ere, dena Sopelari kultur, politika eta jendarte topagune parte-hartzailea emateko zein irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz. Urteetan batutako kalitatezko materialari Likiniano eta Gatazka proiektuek utzitako liburu, aldizkari, fanzine eta DVD bildumak batu zitzaizkion ere, liburutegi oso hornitua baina bisita gutxikoa osatu zuten.
Ekimeneko kartela