Ekimeneko kartela

Leioako Kurkudi kultur elkartea kanpora begira dago egunotan. Alde batetik, Espainiako Auzitegi Nazionaleko hatsa lepoan duela, Madrili begira, Batasuneko 34 ustezko kideren aurkako 35/02 sumarioko epaiketara. Beste aldetik, ikuspegi internazionalista batetik, Madrildik mendebaldera, elkartasunez mintzo den nazio bat badela, Portugal, Euskal Herriarekin konplizitate, arazo, asmo eta ahaleginak partekatzen dituena. Begirada zentratzeko, hitzaldia antolatu dute gaur, asteazkena, arratsaldeko 7:30ean, Kurkudin bertan, Portugal hobeto ezagutzeko. 1974ko apirilaren 25eko Krabelinen Iraultzatik egungo egoerara arte izandako aldaketa sozioekonomiko eta politikoak azalduko ditu Bruno Carvalho, kazetari portugesa, Info7 irratiaren kolaboratzailea eta PCP Portugalgo alderdi komunistako militanteak. Herrialdeak lau greba orokor egin ditu azken bi urteotan murrizketen politiken aurka eta beste makina bat greba sektoreka. Argazkian, Apirilaren 25eko baloreen aldarrikapena ohikoa bilakatu da Portugalen, ekimen komunista eta antifaxistetan / cc-by-nc-nd Maique Martens.

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!