Sevilla II espetxeko zuzendariari gutun bidez eskatzen ari zaizkio bertoko presoen egoera aldatzea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko aza. 6a, 19:58

Urtzi Paul Larrea preso politiko getxoztarrak eta Sevilla II espetxean dauden beste hamar euskal gatibuk gose greba mugagabea abiatu zuten urriaren 28an espetxeko bizi-baldintzak salatzeko. Hamar egun bete ditu gaur baraualdiak. Horrenbestez, horiei elkartasuna adierazteko ekimenak zabalduz doaz haien herrietan. Besteak beste, espetxeko zuzendariari bidaltzeko gutun bi eredu prestatu dituzte Sevilla II-ko presoen gertukoek, kartzeleko arduradunari beraien senideen oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak har ditzala eskatzeko. Borrokaldiaren berri emateko kartelak (jpg) ere plazaratu dituzte, herritarrei lantokian, ikastetxean, kalean... jar ditzatela eskatuz. Uribe Kosta eta Erandiori dagokionez, ostiral honetan, hilak 8, eskualde mailako mobilizazioa izango da Algortan. Hitzordua 20:00etan jarri dute Telletxe plazan. Argazkian, auzokideak kalean 2009an, Espainiako Polizia Nazionalak Urtzi Paul Larrea atxilotu zuela jakin ostean.

Urriaren 27tik 28ra bitarteko gauerdian ekin zioten protestari Sevillako Moron de la Frontera herriko espetxe hartan. Bertan diren hamahiru euskal presoetatik honakoek ekin zioten "borrokaldiari": Urtzi Paul Larrea, Iker Agirre, Gurutz Agirresarobe, Koldo Aparicio, Asier Arzalluz, Juan Mari Etxebarri, Garikoitz Etxeberria, Jesus Goikoetxea, Manuel Gonzalez, Juan Lorenzo eta Roberto Lebrero. Bestalde, Javi Agirre eta Iñaki Arakama presoek "arrazoi ezberdinengatik ez dute gose greba abiatu, baina, bat egin dute borrokaldiarekin", Etxeratek zabaldu bezala. Presoek beraiek gutun bidez azaldu zutenez, Euskal Herriratzen ez dituzten bitartean "isolamendu mugagabea amaitzea, kide guztiok batera egotea, gutxieneko eskubideak bermatuak izatea eta gure aurkako erasoak etetea" eskatzen dute. Gainera, ez dira espetxeko zuzendaritzarekin fidatzen: "honek ez du sekula adierazitakoa bete, behin eta berriz jan izan duelarik bere hitza".

Sevillako espetxean hasieratik, orain dela lau urtetik, bizi izan dute "tentsio egoera gogorra", presoen senideek baieztatu bezala. "Muturreko" bizi-baldintzak jasaten dituzte: "beti isolamenduko moduluan izaten dituzte; ez diete inolako aktibitaterik egiten uzten; patiora irteterakoan metal detektagailutik igaro arazteaz gain, ukimenezko miaketa egiten dizkiete gorputz osotik, noiznahi barrabilak edo zakila ukitzera helduz, tentsio une handiak bizi dituzte; Arkaitz Bellon euskal preso politikoak jipoia jasan zuen; aurrez-aurreko bisitetatik bueltan miaketa integralak (osoki biluztera behartuz) egin izan dizkiete; senideei ere miaketak egin izan dizkiete aurrez-aurrekora edo lokutorietara sartzeko eta honen ondorioz zenbait bisita galdu dituzte; eta abar luze bat", azaldu zutenez.

"Egunero pairatzen dituzten eskubide urraketa" horien aurrean, espetxeko zuzendariarekin bildu izan dira, "baina, alperrik", Etxeraten ustez. Eta epaile zein espetxeetako idazkaritza orokorrari bideratutako kexa eta salaketek ere ez dute emaitzarik izan. Egoera horren aurrean borrokaldia hastea erabaki dute; "helburua bizitza duina eta osasuna zaintzeko bermea eskuratzea" dela.

Sevilla II-ko zuzendariari gutuna (1)



Sevilla II-ko zuzendariari gutuna (2)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun