Hamaika egun daramatzate
gose greban Sevilla II espetxean dauden hamaika euskal preso politikok, tartean Urtzi Paul Larrea getxoztarra dela, bertako "muturreko bizi-baldintzak" salatzeko. Egoeraren larritasunaz ohartuta, kezka agertu dute haien senideek
Info7 irratian egindako elkarrizketan, baita Sevillaz harago Espainian sakabanatuta dauden hainbat euskal preso politiko askok egoera berbera jasaten dutela ohartarazi ere. Zehazki Txus Goikoetxea arrasatearraren bikotekide den Onintza Lopez de Munainek hitz egin du haien izenean. Gose grebaren eraginez apurka-apurka ahuldadea nabaritzen hasiak direla esan du, baina "indartsu" daudela azpimarratu. Atzo
Etxerat elkarteak zabaldu zuenez, zenbait presok bost kilotik gora galdu dituzte jada. Hala ere, borrokaldiarekin jarraitzeko konbentzimendu osoa daukate. Sevillako euskal preso politikoek abiatutako borrokaldiak, gainera, babesa jaso du espetxe barruan. Izan ere, kartzela berean diren zenbait preso sozialek ere bat egin dute gose grebarekin. Bateratze horrek, Lopez de Munainek esan duenez, Espetxeetako Zaintza epailearen bisita ekarri du. "Espetxeetako Zaintza epailea doa gaur Sevillara. Uste dugu preso sozialak ere borrokan sartu izanak eragin duela bere etorrera", azaldu du. Argazkian, Urtzi Paul Larrea / cc-by Getxo Presoak.