Metro Bilbaok aurtengo errekorra lortu zuen pasa den asteko ostegunean, urriak 31, 316.380 bidaiari garraiatu zituela. San Mames geltokiak ere, 29.356 txartel balioztatuta, bere marka propioa hautsi zuen, Athletic-Elche partidan animatzera joan ziren zaleei garraioa errazteko jarri zuen zerbitzu bereziari esker. Metro Bilbaok errekorra hautsi zuen eguna, urriak 31, Arimen Eguna da Euskal Herrian, nahiz eta sorburu zelta duen Halloween jai estatubatuarra gero eta errotuago dagoen gurean. Uribe Kostan, Mexikon ohitura den Hildakoen Eguna ospatu zuenik ere izan zen. Gauzak horrela San Mames geltokia izan zen buru, 29.356 bidaiarekin. Atzetik Indautxu eta Moyua izan ziren 25.420 eta 23.260 bidaiarirekin, hurrenez hurren. Bestalde, 1 linean gehien Areetak bildu zituen, 11.795, eta ezkerraldean, berriz, Barakaldok, 12.771. Metro Bilbaok bezeroei garraio publiko horretan duten konfiantza eskertu die. Argazkian, bidaiariak metro geltoki batean, artxiboko irudian.