"Tantaz tanta, danok elkarrekin, 'Kitxu' eta besteak etxera" aldarrikatuz, bihar burutuko dute Elkartasun Eguna Itzubaltzeta / Romon eta Erandion. Izan ere, Itzubaltzetara herri bilgunearen ekimenez, hainbat jarduera burutu dira aste honetan Itzubaltzeta / Romon, euskal preso politikoen eskubide urraketak jakinarazteko eta horiek konpon daitezen eskaera zabaltzeko. Gauzak horrela, 197/2006 Doktrina edo "Parot Doktrina" deritzotenaz eta Frantzian duten biziarteko zigorraz mintzatu dira eta baita kartzela pairatzen duten emakumeen egoeraz ere. Gaur, berriz, arratsaldeko 8etatik aurrera, euskal preso politikoen eta bereziki auzokidea duten "eta maiatzaren 4tik kalean beharko lukeen" Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu"-ren alde egindako mobilizazioak gogoratuko dituzte, bideoz zein argazki bildumaz. Taloak eta kantagunea ere izango dira Aurrezki Kutxa kalean. Bihar, ordea, goizeko 12:30ean abiatuko dute Elkartasun Eguna, herri bereko Santa Eugenia plazan. Herri kirolak, bazkaria eta Kantu Kantariren ostean, batukadaren doinupean bidaiatuko dira Erandioko
Kalezulo gaztetxeraino. Bertan izango da jaialdia Sarkor, En Tol Sarmiento eta Kurloi Ezkertiarren Esnea DJekin. Sarrera lau eurotan eskuratu ahal izango da gaztetxean bertan. Argazkian, 197/2006 doktrina bertan behera utzi eta Gonzalo Casal askatzeko aldarrikatu zuten urriko Azken Ostiralean, Itzubaltzeta / Romon.