UKBERRI.NET Uribe Kosta eta Erandioko orainkari digital honek 10 urte bete ditu gaurko datan, bere historiako 3.654. egunean. Uribe Kosta, Erandio eta kanpoko internauten konfiantzari eta babesari esker heldu da komunikabide txiki hau urtemuga borobil honetara. Proiektu hau 2003ko azaroaren 8an jaio zen, Estatu Espainiarreko Gobernuak eta Juan del Olmo epaileak 2003ko otsailaren 20an itxitako "Euskaldunon Egunkaria"ren "Bizkaia" gehigarriak Uribe Kostan eta Erandion utzitako hutsunea betetzeko saiakera gisa. Hasierako asmoa bete den irakurleak esan beharko du, baina badira datuak norabide horretan zer edo zer egin dela pentsatzeko. Horren adibidea dira jaio eta lerro hauek idatzi bitartean orainkari honek jasotako 1.283.466 bisitak. Horretan markarik onena 2011 urtean izan zen, 365 egun haietan 264.707 bisita izan zirela. Egunik bisitatuena, ordea, pasa den irailaren 30ean izan zen, Herriraren aurkako sarekadan Oskar Sanchez gazte itzubaltzetarra atxilotu zutenekoa. Egun hartan, 2.148 bisitari ezberdinek hautatu zuten UKBERRI.NET informatuta egoteko. Gaurko eguna ospatzeko Ukberri elkartea prestatzen ari zen ekitaldia eta lunch-a atzeratzea erabaki zuten langileek, Urtzi Paul Larrea eta Sevilla II espetxeko beste presoen borrokaldia sostengatzeko eskualdeko manifestazioarekin talka ez egitearren. Hortaz, datozen egun edo asteotan egingo du UKBERRI.NETek bere ospakizun txikia.