Faxismoaren aurkako martxa izango da arratsean Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko aza. 9a, 15:19

Faxismo, homofobia, arrazakeria eta xenofobiaren aurkako manifestazioa irtengo da gaur Bilboko Plaza Eliptikotik, arratsaldeko 6etan. Izan ere, gaur “Kristallnacht” oroitu, salatu eta ez errepikatzeko oinarri sozialak jartzen lagundu nahi du izen bereko koordinadorak. 1934ko azaroaren 9an, judu gazte batek diplomatiko aleman bat Parisen hil eta gero, Alemaniako sinagoga gehienak erre, juduen komertzioen erakusleihoak hautsi eta milaka gizon-emakume atxilotu zituzten. Gertaera hori, “Kristallnacht” bezala ezagutua, kristal hautsien gaua, alemaniar eta austriar juduentzat herria lehenbailehen utzi behar zuteneko seinale izan zen. Batzuk beste herrialdeetan babesa bilatu zuten, beste batzuk egoera ekonomiko baxuagoa zutenak, bertan geratu ziren, zuten egoera ezegonkorrari aurre egin beharrean. Kontzentrazio eta hilketa guneetara sartzea izango zen judu, ijito, antifaxista, homosexual... askoren patua. Makina bat erakunde Kristallnacht 2013ren deialdira batu dira; besteak beste: Sare Antifaxista, SOS Arrazakeria, EGHAM, Gazte Abertzaleak, Sortu, Cable Street Beat, Urtxintxa Eskola, IA, Ernai, Gazte Komunistak, Elkartzen, Askapena, HNT, Piratak Athletic Taldea, Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataforma... Argazkian, aurreko urte batean Arriaga plazan egindako elkarretaratzea / © Sare Antifaxista.

Protesta bukatutakoan ekitaldi politikoa egingo dute Zazpi kaleetako Zamudioko Atarian. Gainera, 7 Katu gaztetxean rap jaialdia antolatu dute, Grezian hainbat faxistek eraildako rapero gazteari omenaldia egiteko asmoz.

Manifestua

Azken urteetan, 1934ko azaroaren 9an izandako gertakariak ekarri ditugu gogora. Naziek, hainbat ghettoetan bortizki sartu eta judutarren, homosexualen eta etorkinen kontrako eraso faxistak burutu zituzten.

Gertakari horiek, kapitalismoaren krisi ekonomiko, politiko eta sozial baten ondorioz, eskuin muturreko indar politikoek izandako jendartearen babesaren adierazle latzak izan ziren. Krisia haitzaki, naziek hiritarrak kolektibo jakin batzuen kontra xaxatu zituzten, eta jendartearen sufrimenduaren erantzule gisa identifikatu.

Tamalez, egungo krisiak 1934. urteko testuingurura garamatza berriro ere, eta garaiko urrats asko, gaur egun errepikatzen hasiak dira:

Eskuin muturreko alderdi politikoen eta talde nazi-faxisten gorakada.

Jendarte-pentsamenduan nolabaiteko ideologia homofobo eta arrazistaren justifikazioa.

Gutxiengo sozialen eta disidentzia politikoaren kontrako eraso progromistak.

Aipatutako kasu hauek, izatez, ez dira pasa den mendeko gertakari historiko soilak bakarrik. Grezian eta Errusian ematen ari diren auziak dira, eta, pixkanaka-pixkanaka, Europara zabaltzen ari den mehatxua suposatzen du. Faxismoa, berriz ere, gobernuen eta instituzio politikoen utzikeriak areagotzen duen mehatxu erreala da; beti ere, homofobia, arrazakeria eta xenofobia barnebilduz. Eta aurrekoan aipatutakoaren harira eskuin muturreko talde horiek Euskal Herrian sortzeko bidean daudela gogor salatu nahi dugu.

Honekin guztiarekin, manifestu hau sinatzen dugun mugimendu eta antolakundeok gure kezka zintzoa adierazi nahi diogu jendarteari, egoera honi aurre egiteko gure konpromisorik sendoenarekin batera. Izan ere, jakin-badakigu faxismoaren kontrako borroka ez dela bakarrik ideologien konfrontazioan oinarritzen, mehatxatuta dauden kolektibo eta pertsona banakoen segurtasunean ere oinarritzen den borroka ere suposatzen du. Orain eta hemen martxan ipini behar dugun borroka da, etorkizun hurbilean nazismoak, faxismoak eta frankismoak eragin zituzten hilketa masiboak errepikatu ez daitezen.

Horregatik, azaroaren 9an Bilbon izango den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu. Faxismoak, homofobiak, arrazakeriak eta xenofobiak aurrera jarraitzen dute, eta eskuin muturreko proiektu bera “Estatuen arrazoi” eta jarraibide gisa ezarri nahi duten indar politiko eta talde nazi-faxistei aurre egin behar diegu. Horretarako, ezkerreko herri mugimenduen presentzia indartzearen beharra dugu: beharrezkoa den lehen pausu xumea, alegia.

Azaroaren 9an denok Bilbora!

Faxismoaren, homofobiaren, arrazakeriaren eta xenofobiaren kontra!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun