Udal izena "Sopela" izateko pausuak ematen hasi dira Bizkaiko Batzar Nagusiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko aza. 11a, 12:04

Sopela udalerriaren izena behingoz "Sopela" izateko izapidea abiatu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek, Euskaltzaindiak lehenetsi bezala, "El Correo Español" egunkariak zabaldu duenez. Bilduk eta EAJk, zinegotzien gehiengo absolutua, bat egin zuten otsailean Saioa Villanueva alkateak aurkeztutako proposamenarekin, nomenklatura "Sopelana"-tik "Sopela"ra bihurtzeko. Gauzak horrela, aldeko 14 botoz eta 3 abstentzioz (PSE-EE eta PPrenak) aurrera atera zen euskal grafia bermatzen duen toponimoa indarrean jarri ahal izateko testua. Urriaren 15ean, berriz, izen aldaketarako proposamena onartu egin zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Horrek Batzar Nagusiei helarazi die eskaera, izen aldaketa behin betiko onar dezaten. Batzar Nagusietako mahaiak tramitera onartu du proposamena. Argazkian, Sopelako Udalbatza artxiboko irudian.

Pasa den azaroaren 29an Saioa Villanueva Sopelako alkateak Euskaltzaindiari gutuna bidali zion, udalerriko izen ofizialarekin lotura zuten txosten guztiak udaletxean jasotzeko asmoz. Euskaltzaindiak dokumentazioa bidali zuen, eta udalerriko izen zuzena "Sopela" dela berretsi zuen. Hortaz, Sopelako Udal Gobernuak izen aldaketarako prozedurarekin hastea erabaki zuen, eta proposizioa aurkeztu zuen urtarrilaren 21ean ospatu zen Euskara, Hezkuntza eta Kultura Batzordean.

Betitxe Saitua aipatutako batzordeburuak hala eskatu ostean, Xabier Kintana Euskaltzaindiako idazkariak eta Mikel Gorrotxategi Onomastika Batzordearen idazkariak batzordean parte hartu zuten. Bertan, alkatetzak izen ofiziala aldatzeko egindako proposizioa aztertu zen eta Euskaltzaindiak azken urteetan egindako hainbat ebazpen aztertu ziren:

- 1979an Euskaltzaindiak osatutako Euskal Herriko Udalen izendegian, Euskaltzaindiak onartu eta gomendatu zuen forma "Sopela" izan zen.
- 1986an berretsi egin zuen erabaki hori Euskal Herriko Euskal Autonomia Erkidegoko herrien izendegian.
- 1987ko urriaren 28an, Onomastika Batzordeko Idazkari eta Euskaltzaindiako lehendakariorde Jose Luis Lizundiak irizpena eman zuen eta Udal honetara bidali, Sopelako udalerriaren izenean euskal era akademikoa "Sopela" dela argituz, Sopela delako eskualdeko euskaldunek herria izendatzeko erabili duten ohiko forma, toponomastikaren arau orokorrari jarraituz, bokalen arteko n-a galduz. "Sopelana" izena, aldiz, udalerriari deitzeko "version romance" bezala izendatzen zen.
- 1997. urtean, Euskaltzaindiak irizpen berri bat eman zuen aurrekoa berretsiz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun