Uribe Kostako bestelako udalerrietan bezala, Berangoko neska-mutilen gehiengoak lonjatan edo tabernatan ematen du astiaren zati handi bat. Inertziaren inertziaz horrek horrela izaten jarraitu ez dezan,
Epertikere kultur elkartea sortu berri dute, "Berangoko herria batzeko eta gazteei beste aisialdi aukera bat emateko" xedez. Taldearen antolatzaileek zabaldu dutenez, oraingoz "hainbat ekintza antolatu eta aurrera eramateko asmoa" dute eta, aldi berean, Berangoko beste elkarteek antolatuko dituztenen berri emango dute. Horretarako, berangoztarren guztien parte hartzea eskatu dute, gazte zein ez hain gazte. Izan ere, "esan gabe doa guztion onerako den lan hau burutzeko ezinbestekoa dela Berangoko herritarron eta elkarteon arteko elkarlana eta honetan datzala proiektu honen arrakasta", azaldu dutenez. Ekimenarekin bat egin edo besterik gabe harremanetan jartzeko
epertikere[abildua]gmail.com posta elektronikoa zabaldu dute. Era berean, sare sozialetan erantzungo dute. Argazkian, Epertikereren lehen ekimena atzo egin zuten, Gorosti elkarteak antolaturiko perretxiko erakusketan produktu ekologikoz beteriko eskorga zozketatu eta 064 zenbakidun irabazleari eman zioten / © Epertikere.