Urriaren 28an ekin zioten gose greba mugagabeari Sevilla II espetxean dauden hamaika euskal preso politikok, aipatu kartzelako bizi-baldintzak salatzeko, tartean Urtzi Paul Larrea gatibu getxoztarra. Azkorrikoak, ordea, baraualdia utzi behar izan zuen atzo osasun arazoengatik. Bere senideek azaldu zutenez, "58 kilotan zegoen. 9 kilo galdu eta egun pare bat zeramatzan giltzurrunetan mina zuela. Medikuarekin egon zen atzo eta antibiotikoa eman zioten. Haserre, triste, amorru handiz... gose greba uztea erabaki zuen". Bihar itxialdian jarriko da Urtzi Paul Larrea, borrokaldiarekin jarraituz. Gose greba hasi aurreko astean gripearekin ibili zen preso getxoztarra eta horrek oso makal utzi zuen. Hala ere, gose greba abiatzea erabaki zuen. Argazkian, Urtzi Paul Larrea / cc-by Getxo Presoak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!