"Kirolean, futbolean konkretuki, euskara sustatzeko beste urrats bat eman dugu, aplikazio informatiko hau eskaintzen, ikusi dugulako euskararen ezinbestekoa dela futbol entrenamenduetan entrenatzaileak eta ume-gazteek euskaraz egitea. Futbolean ari diren umeen eta gazteen erreferentea dira euren entrenatzaileak, askotan, imitatu beharrekoak. Horregatik uste dugu oso garrantzitsua dela entrenatzaile horiek euskaraz mintzatzea entrenamenduetan. Horretan Kimet Planning lagungarria izan daitekeelakoan gaude, software informatikoaren barruan dagoen entrenamenduetarako metodologia, planifikazioa eta entrenamendu fitxak euskaraz erabili ahal izango dituztelako entrenatzaileek”, adierazi du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak.
Funtzionamendua
Kimet Planning tresna informatikoa benjamin, kimu, infantil, kadete eta jubenil kategorietarako da aproposa eta horretaz gain, arreta berezia eskaintzen die eskola futbolari eta nesken futbolari ere, hau da 6 eta 18 urte bitartekoentzat. Urte osoko planifikazioa eskaintzen die entrenatzaileei eta baita Getxo Kirolak udal erakundeko kirol teknikariei ere, saio desberdin eta material zehatzarekin batera. Lau urtetarako proiektua da eta edozeinek egoki dezake bere beharretarako. “Proiektuak futbolari buruzko formazioa eta euskararen normalizazioa batzen ditu, entrenatzaileentzat oso baliagarria izan daitekeen materiala eskaintzen. Kalitatezko materiala da eta batzuetan txikien mailetan hori eskasa izaten da eta honekin sustatzen dugu egunerokoan euskararen presentzia”, Garikoitz Fullaondo Kimet Sport enpresako kirol zuzendariak prentsaurrekoan adierazi duenez. Programa http://www.kimetsport.com/es/kimet-planning/que-es-kimet-planning webgunean dago eta horretan sartu ahal izateko Getxo Kirolak udal erakundeak erabiltzaile kodea eta pasahitza emango dizkie futbol taldeei. Kimet Sport enpresak materiala mantendu eta eguneratuko du.
Bere aldetik, Jose Angel Iribarrek bere esperientzia kontatzerakoan azpimarratu du aspalditik konturatu zela euskarari lotuta, hutsunea zegoela bai aldageletan bai zelaian. Hiztegi bat lantzen hasi ziren eta ordutik hona urte asko pasa dira eta “orain poza handiarekin ikusten dut aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari direla. Proiektua pozgarria da niretzat, euskara gehiago suposatuko duelako. Aurrerapauso izugarria da teknikarien formaziorako eta hori beharrezkoa da gure umeak euskaraz egiteko aukera izan dezaten. Ona da euskararen etorkizunerako”, zehaztu du Iribarrek.