Sopelako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari behin eta berriz jakinarazi dion bezala, aipatu foru-errepideetan "oinezkoek arrisku handia izaten dute errepidea gurutzatzeko orduan". Azken urtean hainbat gertaera jazo dira, larrienak: BI-634 errepidean gizon bat hil zen auto batek harrapatu ostean, 2012ko irailaren 19an. Bestalde, BI-3124 errepidean gazte bat harrapatu zuen auto batek, eta larri zauritu zuen, urte bereko urriaren 11n.
Udalak ia bi urtez eskatu dio Foru Aldundiari autoen abiadura mugatzeko neurriak har ditzaten, edo bestela, Udalari behintzat baimena ematea aipatu neurriak Udalak hartzeko. Gainera, auzokide ugarik idatzi bat sinatu zuten eta Aldundiari bidali zioten, Karmen elizaren aurrean dagoen zebrabidearen arriskuaz ohartaraziz (bertan izan harrapaketak jazo dira). Hori dela eta, Udalak pasabide goratuak ezartzeko baimena eskatu du, autoek abiadura gutxitzera behartzeko.
Segurtasuna
Horregatik guztiagatik, Sopelako Udalak aipatutako alegazioak aurkeztu ditu eta Aldundiari lanak egiteko baimena ematea eskatzen dio. Eskatutakoa ez onartzekotan, Udalak zer nolako neurriak har daitezkeen zehazteko eskatzen dio, helburua beti ere auzokideen segurtasuna eta mugikortasuna bermatzea izanda. Gai hori, besteak beste, gaur landuko da Larrabasterrako Iberre Institutuan ospatuko den auzo-bileran, 19:00etan, aurrekontu partehartzaileen baitan.