Sevilla II espetxeko egoera salatuko dute ostiralean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko aza. 12a, 18:22

Sevilla II espetxean dauden euskal preso politikoek 16 egun daramate borrokaldian, bertoko bizi baldintzak salatzeko asmoz. Urriaren 28an ekin zioten gose greba mugagabeari Moron de la Frontera herriko kartzelan dauden hamaika euskal preso politikok, tartean Urtzi Paul Larrea gatibu getxoztarra zela. Azkorrikoak, ordea, baraualdia utzi behar izan zuen herenegun osasun arazoengatik. Gaur itxialdian jarri da, borrokaldiarekin jarraituz. Bada, espetxetik kanpo ugarituz doaz Sevilla IIko presoekiko elkartasun keinuak. Besteak beste, espetxeko zuzendariari bidaltzeko gutun bi eredu zabaltzen hasi ziren orain astebete gatibuen gertukoek, kartzelako arduradunari beraien senideen oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak har ditzala eskatzeko. Azaroaren 15 eta 16an, berriz, Sevilla II espetxera martxa egingo da autobusez. Oraindik ez dago argi zenbat diru aterako den autobusa, baina dagoeneko Algortako Amnistia tabernan izena eman daiteke. Ahalik eta lasterren egiteko eskatu dute, autobusa antolatzen joateko. Aipatu martxara joan nahi edo ezin duenak ere diruz lagundu ahal izango du, joaten direneni horren garesti ez ateratzeko. Dirua emateko kutxak Amnistia eta Abian tabernetan daude jada. Bitartean, ostiral honetan, hilak 15, mobilizazioa egongo da Algortan. Hitzordua 20:00etan jarri dute Telletxe plazan. Argazkian, 165 lagun inguruk egin zuten manifestazioa joan den ostiralean Algortan / cc-by Tantaz Tanta Algorta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun