Azken Ikasle Dantza bertan behera utzi dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko aza. 12a, 20:31

Ikasle Abertzaleak antolakundeak heldu den larunbatean Donostian ospatzekoa zen Azken Ikasle Dantza bertan behera uzteko erabakia hartu du. Uribe Kostako IAk aurreratu duenez, erakundearen 25. urteurrena ospatzeko xede zuen ekimenerako "pentsatzen ziren sarrera baino askoz gutxiago saldu" dira. Gauzak horrela, "jaialdiak suposatzen duen dirua galtzeak gure lanketa politikoa baldintzatu" ez dezan Azken Ikasle Dantza ez burutzea erabaki du IAk. Bihar zen azken eguna aurretiaz sarrera erosteko eta Ilunbeko leihatiletan ere larunbatean eskuratzeko aukera egongo zen baina ikasle erakundearen iritziz, azken egun horietan saldu ez den kopurua bat batean saltzea ez zen posible. Dagoeneko ekitaldirako zein hara joateko autobus txartela erosi dutenei dirua bueltatuko diete, sarrerak erosi zuten lekuan bertan. Datozen orduetan argibide gehiago emango dute Ikasle Abertzaleetako partaideek. Argazkian, IAko kideek Gose taldearekin egin zuten aurkezpena / © IA.

Azken Ikasle Dantza ikasleen erakundeak antolatzeko asmoa zuen akabuko jaialdi handia zen. 25 urteko ibilbidearen errepasoa egitekoak ziren Donostian, bai musikari eta baita ikasle mugimenduak bizitako borrokak eta emandako aurrerapausoak gogora ekartzeari ere dagokienez. IA 1988an sortu zuten Iruñeko Txantrea auzoan egindako kongresuan, Euskal Eskola Nazionala eraikitzea helburu. Betagarrik kontzertu berezia eman behar zuen, Dank taldea, Ze Esatek, Amaiur, Edan, Anger, Des-Kontrol eta On taldeen musikariek zein Doctor Deseoko Francisek lagunduta. Era berean, Gose, Bad Sound Sistem, Ze Esatek, Betagarri eta Las Tea Party Dj-ak aritzekoak ziren.

Uribe Kostako IAko kide eta partaide ohien agerraldia (© Uribe Kostako IA)



IAren 25. urteurrenerako bideoklipa (© Gose - Mikel Clemente)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun