Azaroaren 22an, gainera, kale-ekintza burutu ostean, Olaia Aretxabaleta gaztearen kontzertua izango da. Aretxabaletak Beldur Barik I. lehiaketa irabazi zuen eta bere hip-hop abestietan genero indarkeria lantzen du. Azaroaren 23rako, bestalde, Itzartuk autodefentsa feminista lantzeko tailerra antolatu du Kurtzio Kultur Etxean, egun osoan zehar. Izena emateko beharrezkoa da Itzartuko egoitzatik pasatzea, edo honako helbidera idaztea: itzartu[abildua]hotmail.com. Horretaz gain, azaroaren 25ean, 19:00etan, kontzentrazioa eta adierazpenaren irakurketa izango da udaletxe plazan.
"Baina, egun hauetan hainbat jarduera antolatzen diren arren, biolentzia matxista salatzeko ekimenak ezin dira aste batera mugatu: urte osoan landu beharreko gaia da. Hori dela eta, urtean zehar antolatzen diren ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu: salaketa-kontzentrazioak Larrabasterran, tailerrak, herriko eragile feministetan parte hartzen, eta abar", adierazi dute Sopelako Udaletik.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.