Lehendabiziko aldiz delitu terroristak egitea leporatu dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eskuin muturreko talde bateko kideei, Europa Press albiste agentziak nabarmendu duenez. Gaur plazaratutako idatzian, hiru urteko espetxe zigorra eskatu du Falange y Tradición taldeko hiru kideentzat Ministerio Publikoak, helburu terrorista zeukaten kalteak eta mehatxuak egin zituztelakoan. Horrenbestez, "beldurtzeko asmoz, ezker abertzaleko edo komunismoko pertsonen kontrako ekintzak gauzatzea" egotzi die Fiskaltzak José Ignacio Irusta "El Barbas" eta "El Pater", Javier López Monreal "El Lanas" eta Borja Illera faxistei. Hainbat hedabideri bidalitako oharraren bitartez, 2008ko urritik Euskal Herri osoan gertatutako 25 eraso faxista hartu zituen bere gain 2009ko irailean Falange y Tradicion taldeak, Sonia Polok jasandako heriotza mehatxuak eta Zigor zein Arkaitz Goikoetxearen aita-amen Azkorriko (Getxo) baserriaren kontrako erasoa. Guardia Zibilak 2009ko urriaren 23an atxilotu zituen Nafarroa eta Zaragozako toki ezberdinetan, Falange y Tradicion taldeko bost kide. Argazkian, suak utzitako arrasto batzuk eta ezezagunek Zigor Goikoetxea preso ohi getxoztarrari egindako heriotza mehatxua.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!