197/2006 doktrina edo "Parot doktrina" deritzotena aplikatu zieten beste 12 euskal preso politiko askatzea aztertuko du ostiral honetan, hilak 15, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak. Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarra, ordea, ez dago horien artean.
Europa Press albiste agentziak iturri judizialak aipatuz aurreratu duenez, ondokoak dira horien izenak: José Antonio López Ruiz "Kubati", Inmaculada Noble Goikoetxea, Francisco Javier Lujambio Galdeano, Jesús Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo, Pedro Juan Odraizola Aguirre, Juan María Gabirondo Agote, Pedro María Rezabal Zurutuza, Miguel Turrientes Ramírez, José Félix Zabarte Jainaga, María Josefa Urkudun Etxenagustia, Antonio Alza Hernández eta Gonzalo Rodríguez Cordero. Baita Portugaleten jaiotako Laureano Ortega Ortega eta Olga Oliveira Alonso GRAPOko kideak ere. Argazkian, Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" presoaren askatasuna aldarrikatu zuten itzubaltzetarrek apirilaren 27an egindako agerraldian.