"Gaur Euskal Herriko demokraziarentzat egun tristea dela uste dugu, eta berriz ere, Auzitegi Nazionalak erabaki duela zer den eta zer ez den herritarrek irakurri behar dutena, espainiar inkisizioaren estiloa jarraituz. Gure aldetik, eraso antidemokratiko honi aurre egiteko asmoa erakusten dugu, gure esku dugun arma bakarrarekin: adierazpen askatasunaren erabilera", adierazi dute.
Ateak Ireki makina bat kazetari nafarrek jarri zuten abian, Espainiako Auzitegi Nazionalak zerratu zuen Apurtu.org-ek utzitako hutsune informatiboa betetzeko. Besteak beste, "Diario de Noticias", "Berria", "Gara", Eguzki Bideoak, Bierrik edota EITBko profesionalek lagundu zuten komunikabide jaio berria orain bi urte. Denbora tarte honetan, honakoak izan dira Ateak Irekiren kazetaritza lehentasunak: "Nafarroan ematen diren eskubide zibil eta politikoen urraketa salatzea, nafarren eskubideen defentsan egiten dituzten elkarteei ahotsa ematea, herri mugimenduaren jardueraren berri ematea, Nafarroan aldaketa politiko eta sozialaren alde egiten dituzten indarrei hauspoa ematea, aniztasuna landuz eta zainduz".
Gogoratu behar da ez dela lehen aldia Espainiako Gobernuak Euskal Herriko komunikabideak ixten duena: aurretik, besteak beste, "Egin", Egin Irratia, "Berria", "Ardi Beltza", Apurtu.org eta Gaztesarea ditugu. Azken horren harira, Iker Acero Algortako surflari ezaguna eta beste hiru lagun atxilotu eta beste bederatzi pertsona auziperatu zituzten 2009an, Segiren zozketa baten bideo emateagatik. Azkenean, Arkaitz Artola gaztea besterik ez zuten epaitu eta absolbitu ere.