Jardunaldiak bihar hilak 14, ostegunean, abiatuko dira. "Descubriendo la literatura rumana clásica y contemporánea. Por qué leer autores y autoras rumanas" hitzaldia (Algortako Kultur Etxean, 19:00etan) izango da, Luminita Marcuren eskutik, Errumaniako Kultura Institutuko zuzendariondokoa, hain zuzen ere. Bihar ere "Komiki Errumaniarra" (Algortako Kultur Etxea) erakusketa hasiko da. Horretan hiru garaiko errumaniar artista nagusien ekoizpena erakutsiko da: "urrezko aroa" delakoa (1891-1947), gerraostea eta gerra hotza (1948-1989) eta egungo garaia (1990tik aurrera). Erakusketa azaroaren 30era arte egongo da zabalik.
Astelehenean, hilak 18, "Joan-etorriko bidaien artean, Errumaniako Rromen bizitzak" argazki erakusketa abiatuko da (Algortako Kultur Etxean, azaroaren 30era arte). Bertan Adriana M. Villalón antropologoak Rrom delako etniako emakumeen bizitza erakusten duten argazkiak bildu ditu. Erakusketaren inaugurazioa dela eta, azaroaren 18an egileak berak bisita gidatua egingo du 19:00etan eta, jarraian, hitzaldi bat emango du.
Azaroaren 21ean Fadurako Ostalaritza eskolak Errumaniako sukaldaritza tailerra hartuko du 19:00etan hasita. Horretan parte hartu nahi duten guztiek hilaren 4tik izena eman behar dute Algortako Kultur Liburutegian (matrikulak bost euro balio du). Hurrengo asteko asteazkenean, azaroaren 27an, Loredana Vancea idazleak Algortako Kultur Etxean aurkeztuko du "Una parte de mí" liburua. Lan autobiografiko horretan Errumanian bizi zela haurtzaroan eta nerabezaroan izan zuen esperientzia latzak islatu ditu.
Jai errumaniarra
Agur esango dute jardunaldiek hilaren 30ean, larunbatean, izango den jai errumaniarraren eskutik. Algortako Kultur Etxean eta Liburutegian izango da 18:00etatik 21:00etara eta bertan Kaleda talde folklorikoaren saioa, Errumaniako jantzi tradizionalen desfilea, Pazkoko arrautzak margotzeko haurrentzako tailerra eta errumaniar produktuen dastaketa izango dira.