Hartara, material nobleak erabiliko dituzte, kalitate handikoak eta atseginak, zura, beira eta harria, kasuak kasu. Fatxadek, nagusiki, bi azal edo estaldura izango dituzte: bat barrualdean, hormigoi eta beirazkoa, eraikina euritik babestu eta bere baldintza akustiko eta termikoak bermatze aldera, eta bestea kanpoaldean, beira eta zurezkoa, jendeak kaletik ikusiko duena. Kanpoaldeko azal hori zurezko lamekin jantziko dute, eraikin osoari batasuna eta forma emateko. Estetikaz gainera, beste eginkizun bat ere izango du geruza horrek, energia-eraginkortasuna hobetzea. Bulego eremuan, Basagoiti Etorbidearen aurrean kokatuko den aldean, kanpoaldeko estaldura beirazkoa izango da, goitik behera, “eraikina iragazkorra eginez, kanpoaldetik barrurantz zein barrutik kanpoalderantz, San Nikolas eliza eta bere inguruaren ikuspegi ederra bermatuz”, zehaztu du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak.
Materialak
"Material nahasketa interesgarria da, berriaren eta zaharraren arteko kontrapuntuarekin (Getxo Antzokia eta Musika Eskolako fatxadetako beirateak eta San Nikolas elizako harria)", tokiko arduradunek azaldu dutenez. Luis Maria Uriarte proiektuaren ardura duen arkitektoak horren harira aipatu duenez, “ahalegin guztia presentzia atseginagoa, iraunkorragoa duen fatxada osatzeko egin da, bizikide izango dituen inguruko etxeekin elkarrizketa batean... Antzina Europan saldu ziren itsasontziak gogoratu nahi dituzten zurezko elementuekin osatu da fatxada”.
Gogoratu, azkenik, 4A fasea, estalkiak, barrualdeko zatitzeak eta instalazioak (airea girotzekoak, linea elektrikoak, iturgintza ...) egiteko lanak, amaitzear dela urtearen hondarrean amaituko dituztela uste baita. Bosgarren fasea, ingurunea urbanizatzeko lanak jasotzen dituena, lizitazio-epealdian dago une honetan eta datorren urteko Aste Santu aldera hasiko direla aurreikusten da.
Getxo Antzokia eta Algortako Musika Eskolako proiektuari dagokion 4B faseko lanak urtearen hondarrean hasiko dira, Tokiko Gobernu Batzordeak bere azken batzarrean lan horiek esleitu ondoren. Fase berrian fatxaden itxitura eta instalazioen (amaierako elementuak, esate baterako, airea girotzeko eta ur beroa sortzeko makinak) zehazpena egingo dira. Lanak 5,5 milioi euroan esleitu dira, hau da, lizitazioan ezarritako diru-kopurutik 500.000 euro aurreztuko dira. Lanok 2014ko hondarrean amaitzea aurreikusita dago. Izan ere, Imanol Landa Getxoko alkateak prentsaurrekoan aipatu duenez, “Getxoko arte eszenikoen zentroa egiteko faserik polit eta pozgarrienetakoa da, ezaugarri honetako obra batean saihestezinak diren trabak ia guztiz konponduko dituelarik. Fasean zehar, baina batez ere, hura amaitutakoan, bere inguratzailearen edertasuna ikusiko da, behin betiko itxura emango dion jantzi edo soinekoa. Eta horrekin batera Algortako erdigune historikoko ingurune osoaren azken argazkia ere izango dugu”. Argazkian, Getxo Antzokia eta Algortako Musika Eskolako proiektuari dagokion 4B faseko lanen infografia / ©