Baina, hori al da aditu talde batek egindako azterketatik atzemandako gabezietatik hartutako neurria?
Ezaguna da Itzubaltzeta-Romoko auzokideek azken urtean Auzo Elkartea berpiztuta egindako lana eta plazaratutako aldarrikapenak. Horien artean Kultur Etxearen gaineko kexak: tamaina, barne hartuko dituen azpiegiturak, kudeaketa... eta gehien azpimarratu dutena auzokide eta auzo eragileekin adostutako proiektua ez izatea.
EHBildutik herritarrek eta auzoek udal jardunean parte hartzeko aukera izan behar dutela uste dugu, baina argi daukagu parte hartzea proposamenak jasotzetik askoz haratago doan zerbait dela. Partaidetza boterea konpartitzea da, informatzea edo galdetzea baina askoz gehiago. Erabaki guneetan egoteko aukera eman behar diegu herritarrei, batez ere herriaren etorkizuna baldintzatuko duten erabakietan: kultur azpiegitura erraldoiak, lurralde antolamendua... Eta udalaren erabakigune normalduetan (Osoko Bilkura, Komisioak, Erakunde Autonomoak,...) hiritarren beraien parte-hartze normaldua lege mailara eraman Udal Erregelamendu Organikoaren (UEOren) baitan sartuz, parte-hartzearen kultura bultzatuz eta herritarrak horretan heziz.
Getxo gobernatzen duen EAJren parte hartze eredua horretatik oso urrun dagoela argi ikusi dugu; behin eta berriz erakutsi digute beraien eredua: gauzak etxe barruan sukaldatu eta kanpaina politak erabilita informatzen dutela esatea baino ez. Oposizioko taldeei udal teknikariekin hitz egiteko bideak itxi, proiektu handietan herriari galdetzeko jarrera eza, herritarrei parte hartze bideak ixten dizkion UEO zaharkitua eta abar, etxe honen zimenduetan Getxoko Udala EAJren gotorleku itxia dela erakusten duten hainbat adibide ditugu. Ez dezagun teilatua margotu, oinarriak jarri gabe ditugunean.
Getxoko EH Bildu