Apurka-apurka hasi dira martxan jartzen berbalagun-taldeak Getxon. Aurreko urteetan sortutako taldeak irailaren amaieran eta urrian zehar hasi dira ostera ere elkartzen, jende berria talde berrietan azaroan hasi da, hasten ari da,
Egizu Getxo Euskaldun! elkarteak argitu duenez. Eta urtero legez heldu da eguna hainbat taldetako berbalagunak elkartzeko, elkar ezagutzeko, informazioa jasotzeko eta tarte atsegina pasatzeko. Gaur, osteguna, 19:30ean, Algortako Torrene kaleko 3. zenbakian (iazko lokala) egingo dute ikasturteari hasiera emateko merienda. Jana, edana, musika, kantuak, aurkezpena, konpainia ezin hobea… eta sorpresak izango direla aurreratu dute. Hori bai, joan nahi dutenei konfirmatzeko eskatu diete. Meriendari dagokionez, denen artean egingo dute: "edariak edo pikoteoa ekarri (hestebeteak, patatak, fruitu lehorrak, tortillaren bat…), ados?". Argazkian, berbalagunen merienda artxiboko irudian / cc-by Egizu.