Kubako zein Euskal Herriko musikariek osatutako
La Jodedera taldeak kontzertua emango du, bihar, larunbata, Algortako
Abian kultur elkartean, gaueko 9etatik aurrera. 2009. urtean sortuta, La Jodedera honako lagunak dira: erreinu zaharretik, Jon Kasares "Txorromorro", gitarra jotzailea eta kantaria; eta Jomes "Bap", baxu jotzailea; eta uharte tropikaletik, Mandi Cienfuegos, perkusionista eta kantaria; eta Oscar La Habana, tres doinu kubatarraz arduratzen dena. Kide guztiak aurretik musikaren munduan aritutakoak izanik ere, "azken proiektu honekin eremu berri batera bidaiatzen" dute, Gaztelupeko Hotsak zigiluaren arabera. Izan ere, diskoetxe horrekin kaleratu zuten pasa den irailean bihar Algortan aurkeztuko duten "Karibe Kantauri kantari" izeneko bigarren diskoa, erritmo afrolatinoz betea. Aurretik, 2011n, maketa grabatu zuten. Alderdi erreibindikatiboa baztertu gabe, musika sortzeko eta jendeak ondo pasatzeko eta dantza egiteko xedez sortu zuten taldea. Kaleratutako CDetan, nabari da asmoa, nengo, changuy, tres eta bestelako doinuez mugituta, baina baita "Navarra tiene cadenas" bezalako kanten bertsio kubatarra eginez. Biharko giroa sustatzearren, Mojito Gaua antolatuko du Abianek. Argazkian, La Jodedera / © Gaztelupeko Hotsak.