Sevilla II espetxean borrokan diren euskal preso politikoen herrietatik abiatutako lagunak Lopidanako (Gasteiz) gasolindegiak elkartu ostean, ostiral gaueko 9ak aldera abiatu ziren autobusak Andaluzia aldera. Larunbat goizeko 11ak baino lehenagorako kartzelaren inguruan zebiltzan Euskal Herritik heldutako lagunak. Iritsi bezain laster, espetxe atzealdera jo zuten; isolamendu modulua dagoen tokira, alegia. Joandako senide eta lagunek azaldu dutenez, heldu bezain pronto, Espainiako Poliziako bi patruila auto agertu eta, atzean eta aurrean, inguratu egin zituzten poliziek, protestaldia amaitu arte.
Horretaz gain, kartzelako inguruetaraino gerturatutako guztiak identifikatu egin zituzten: "Txalaparta muntatu eta makilak kendu zizkiguten —makilarik ezean, zapatekin jotzen ibili ziren—, horiekin beraiei eraso egitea zegoelakoan. Behin beraien arduraduna etorri zenean biri nortasun agiriak kendu zizkiguten. Ondoren, gure datuak zituztenez, eskatu genizkien makilak eta bueltatu zizkiguten. Hori bai, elkarretaratzea ez zegoenez baimenduta guztiei DNIa eskatuko zigutela esan zuten. Azkenean guztiak izan gara identifikatuak eta autobuseko matrikulak ere hartuak".
Gorabeherak alde batera utzita, beraien aldetik "helburuak oso osorik bete" zituztela adierazi dute Sevilla IIko presoen senideek: "Txalaparta, irrintziak, kantuak, adarrak eta aldarrikapenak topera bi orduz". Guzti horren emaitza izan zen barruan dituzten senide eta adiskideak entzun eta txistu zein irrintziekin erantzun zituztela. "Ea ba gure ekimen xume, baina indartsu honekin eta beraien indar, determinazio, duintasun eta kementasunarekin, beraiei dagozkien oinarrizko eskubideak lortzen ditugun", amaitu dutenez.
Elkartasuna
Bien bitartean, Sevilla II espetxeko euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko ekimenak biderkatuz doaz Espainiako kartzelen barruan zein kanpoaldean. Ostiralean baraualdia egin zuten Puerto I (Cadiz) espetxeko euskal gatibuek. Bertan da Iñigo Gutierrez Carrillo "Guti" preso politiko gazte algortarra. Bestalde, ostiral iluntzean, euria eta kazkabarra tartean, 67 lagunek egin zuten kontzentrazioa Algortako Telletxe plazan.
Erasoak
Hain zuzen ere, Cadiz aldeko aipatu kartzela utzi zuen ostegunean Antxon López Ruizek. Hain zuzen ere, AVT biktimen elkartearen pankartak zituzten 40 lagun inguruk elkarretaratzea egin zuten Puerto I presondegiaren ateetan. Antxon Lopez Ruiz presoaren autoa inguratu eta barruan zihoazenak iraindu eta mehatxatu zituzten. Geroago, Lopez Ruiz kartzelatik atera eta autoan igo zenean, hainbat lagunek ibilgailua kolpatu zuten, Efe agentziak jakinarazi duenez.
Larunbatean, 17:00ak inguruan, Murtziara joandako senide eta lagunen furgoneta batek eraso bat jasan zuen, beraien bizitza arriskuan jarriz. Astebururo bezala Murtziara bisitara joan ziren senide eta lagunak Mirentxin Gidarien furgoneta batean. Murcia I-eko espetxeko bisitak amaitu ostean, Murcia II-ra joan ziren bertan zeuden senide eta lagunak jasotzera. Espetxe kanpoan ultra eskuindar itxura zuten lau pertsona ikusi zituzten, eta hauek bi harri bota zizkieten, kalterik eragin gabe. Etxerak elkarteak gaineratu duenez, furgoneta autobiara atera zenean, ordea, kotxe bat beraien atzetik zihoala konturatu ziren, eta martxan zihoazela bost harri (hauetako batzuk tamaina handikoak) bota zizkieten furgonetara. Harriek txapan kalteak eragin zituzten, baina, benetan gerta zitekeena oso larria izan ziteken. Istripu bat eragin baitzezaketen.
Euskal presoen senide eta lagunak Murtzian jasandako erasoa salatu du Etxerat elkarteak prentsa ohar batean. Egun gutxitan euskal presoen senide eta lagunen aurkako jazarpen erasoak salatzeko bidaltzen duen bigarren oharra dela ohartarazi dute eta salatu dutenez, "zenbait komunikabidetan eta zenbait politikarik martxan jarri duten mendeku kanpainaren ondorio zuzenak" pairatzen ari dira. Jazarpen ekintza hauekin bukatu beharra dagoela adierazi dute eta gizarte osoaren eta eragile guztien salaketa gogorra izatea espero dute berriro errepikatu ez daitezen. Aldi berean, sakabanaketa politikarekin amaitzea eskatu dute senide eta lagunen bizitzak arriskuan jartzera behartzen dituelako eta eraso hauek pairatzeko arriskua ere handiagotu egiten duelako.
Sevilla II espetxera martxa (© Sevillako presoen senideak)