Getxoko UPyDk Gabonetako argi "negargarriak" salatu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko aza. 18a, 22:16

Union, Progreso y Democracia alderdiak (Batasuna, Aurrerapena eta Demokrazia, UPyD) EAJk osatzen duen Getxoko Udal Gobernua kritikatu du, kaleetan jartzen agindu dituen Gabonetako argiak direla eta. Rosa Diezen alderdikoen aburuz, "nahiz eta iaz kritika gogorrak jaso, Udalak Gabonetako argi berberak ipini ditu berriro ere, harrokeriaz eta oilarkeriaz jokatuz". UPyDk gogoratu duenez, elektrizitate kableek tokiko merkataritza udal kanpainaren logoaren forma dute, "On" hitza osatzen dutela. Haien ustez, horrek "anabasa" sortzen du ikusleen artean, "gehiengoak ez dakielako zer esan nahi duen eta aldrebes ikusita 'No' (Ez, espainolez) irakurtzen delako". Unionisten arabera, Udal Gobernuak dendariei beraiei leporatu die proposamenaren ardura. Horren aurrean, gogoratu dute "haietako askok alderdi honi argi mota horrekiko bere desadostasuna agertu diola". Hori dela eta, EAJri kritikak ez onartzea leporatu diote, "akatsa onartu eta zuzendu beharrean". UPyDk 1.108 boto eskuratu zituen Getxo udalerrian iaz, EAErako hauteskundeetan, eta hiru boto gutxiago 2011n Espainiako Kongresurako sufragioan. Halere, urte horretan, Getxoko udal hauteskundeetan, Luis Fernando Cadarso Marquesen zerrendak 593 bozka besterik ez zituen bildu. Argazkian, kritikatutako Gabon argiak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun