Presoek beraiek eskaturiko neurriak ekarri dituzte gogora haien senideek, gaur goizean egindako agerraldian: "Bakartzea amaitzea, euskal preso politikoak elkarrekin jartzea, oinarrizko eskubideak errespetatzea eta etengabeko jazarpen eta erasoak amaitzea". Sakabanaketa politika bukatzea dago, ordea, eskaera horien atzean, horrek bidea ematen baitu halakoak gerta daitezen. "Horretarako, ezinbestekoa izango da konponbidearen eta eskubideen alde pausoak ematea". Egoera gero eta "hauskorragoa" dela salatu dute, eta ez dutela erantzunik jaso espetxeko zuzendaritzarengandik.
Sevilla II espetxeko euskal preso politikoen senide eta lagunek plazaratutako adierazpena:
Gure senide eta lagunek 23 egun daramatzate gose greban eta itxialdian, euren oinarrizko giza eskubideen errespetua defendatzeko. Urriaren 28an abiatu zuten euren borrokaldia eta 23 egun beranduago tinko heltzen diote beren erabakiari. Iker Agirre, Gurutz Agirresarobe, Koldo Aparicio, Asier Arzalluz, Juan Mari Etxebarri, Jesus Goikoetxea, Juan Lorenzo Lasa eta Roberto Lebrero gose greba mugagabea burutzen ari dira, Urtzi Paulek, Garikoitz Etxeberria, eta Manuel Gonzalezek gose greba utzi behar izan dute, baina, gose greba arrazoi ezberdinengatik egin ezin duten Javi Agirre eta Iñaki Arakama bezala, borrokaldiarekin bat eginez itxialdia burutzen ari da.
Elkartasuna beste espetxeetara ere heldu da. Frantzian, Osnyko euskal preso politikoek, esate baterako, txandakako baraualdia egiten dute eta gaurtik aurrera Nanterre espetxean ere txandakako baraualdiak egiten hasiko dira, kideen gose grebak iraun bitartean. Espainian, Cacereseko euskal preso politikoek, adibidez, atzo baraualdia egin zuten. Eta elkartasunak mugarik ez duenez, herri ezberdinetan hainbat dinamika ere antolatu dira, elkartasuna adierazteko asmoz: gutun bidalketak, autobus martxa, Iruñean atzotik burutzen ari diren itxialdia...
Egunak aurrera doazen heinean, gure senide eta lagunen osasun egoera are eta hauskorragoa bilakatzen da. Jada 23 egun daramatzate ezer jan gabe, eta egoera oso gogorra da. Muturreko borroka da honakoa, bai. Baina, zoritxarrez gure senide eta lagunak honelako erabaki bat hartzera behartuak izan dira. Izan ere, bestelako konponbiderako aukerak erabat agortu dituzte. Azken lau urteetan egoeraren larritasuna handitzearen harira espetxe zuzendaritzarekin izandako elkarrizketa eta saiakerek, egoera bera luzatzea besterik ez dute lortu.
Esan bezala, Sevillako espetxean aspalditik bizi dute tentsio egoera gogor bat. Euskal preso politikoak espetxe honetara eraman zituztenetik, muturreko bizi-baldintzak jasaten dituzte: beti isolamenduko moduluan izaten dituzte; ez diete inolako aktibitaterik egiten uzten; patiora irteterakoan metal detektagailutik igaro arazteaz gain, ukimenezko miaketa egiten dizkiete gorputz osotik, noiznahi barrabilak edo zakila ukitzera helduz, tentsio une handiak bizi dituzte; Arkaitz Bellon euskal preso politikoak jipoia jasan zuen; aurrez-aurreko bisitetatik bueltan miaketa integralak (osoki biluztera behartuz) egin izan dizkiete; eta abar luze bat.
Guk geuk, senide eta lagunok ere, espetxe honetan ematen diren jazarpen egoera hauek pairatu behar izaten ditugu, izan ere, sakabanaketa politika aplikatzeaz gain bestelako eskubide urraketak ere pairatu behar izaten ditugu. Miaketa ugari izaten ditugu bisitetara sartzerakoan, zenbait kasutan baita bisita kristalaren atzean izanda ere, hau da, presoarekin inolako kontakturik izan ez arren. Eta egoera hauek, jada espetxe barruan bizi den tentsio giroa areagotu besterik ez dute egiten.
Guzti honegatik, eta beraien eskaerekin bat eginez, ezinbestekoa jotzen dugu:
- Mugagabeko isolamenduarekin amaitzea
- Euskal preso politikoak elkarrekin izatea
- Oinarrizko eskubideak errespetatzea
- Etengabeko jazarpen eta erasoekin amaitzea
Badirudi espetxeko zuzendariak argi duela ez duela inongo aurrepausurik emango bertan dauden euskal preso politikoen eskaera hauek aurrera emate aldera. Horregatik, Etxerat elkartea osatzen dugun senide eta lagunok argi dugu sakabanaketa politikarekin amaitzea ezinbestekoa dela. Sakabanaketak, euskal presoak euren ingurune sozial, kultural eta afektibotik ehunaka kilometroetara egoteaz gain, Sevilla II-koa bezalako egoerak egotea errazten duela. Honela bai gure eta baita gure senide eta lagunen eskubideak guztiz bortxatuz.
Isolamenduarekin eta sakabanaketa politikarekin amaitu, eta konponbidearen eta eskubideen defentsaren alde aurrerapausoak ematea ezinbestekoa izango da guzti honetarako.