Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, erandioztarrak Altzagako azoka zaharrean elkartuko dira euskaraz hitz egin eta iaz bezala momentu ahaztezinak bizitzeko.
Berbots Erandion Euskaraz elkarteak aurreratu duenez, bi saio aurreikusi dituzte, euskaltzaleen ordutegietara egokitu eta haien presentzia posible egiteko: 09:30ean eta 18:30ean. Saioen dinamizatzaileak pertsonaia ezagunak izango dira eta herritarrekin batera eztabaidatzen ibiliko dira. Ondoren, neguko hotzari aurre egiteko parte hartzaile guztiek txokolatea eta bizkotxoak dastatuko dituzte, baita oroigarri gisa photocall-ean talde argazkiak atera ere. "Erandioztarren arteko sare euskalduna bultzatu nahi dugu, Erandio euskaldun zahar zein berrien topagune bilakatu nahi dugu eta zu ezinbestekoa zara. Dakiguna erabiliz gure maila hobetzeaz gain euskal komunitatea indartuko dugu, gure hizkuntza aberastuko dugu", adierazi dutenez. Argazkian, Euskararen Egunaren inguruan, Algortan ere egin ohi dute berbodromoa / cc-by Egizu Getxo Euskaldun!