Abisu laranja eman dute biharko euriteengatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko aza. 20a, 16:55

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatuko du bihar, 00:00etatik 24:00etara arte, eurite gogorrak espero direlako. Prezipitazioen metaketaren eraginez, ibaien emariek gora egingo dute, errepideetan ur-putzuak sortuko dira, eta baliteke leku zehatz batzuetako hegaletan lur-jausiak edo irristatzeak egotea. Horregatik, Segurtasun Sailetik arreta handia eskatzen da. Dena den, prezipitazio ugarienak bihar, osteguna, hilak 21, izango dira. Izan ere, depresio bat gerturatuko da Kantauri itsasora, eta horrek aire-masa heze bati iristen lagunduko dio. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eurite iraunkorrengatik alerta laranja aktibatuko du Bizkaian eta Gipuzkoan, 00:00etatik 24:00etara. Euskalmeten iritziz, prezipitazioak ugariak eta etengabeak izango dira, batez ere, kostaldean, toki askotan 24 ordutan 60 l/m2 ere bilduko baitira. Argibide gehiagorako, kontsultatu UKBERRI.NETeko eguraldi zerbitzua. Argazkian, hainbat neska aterki azpian, artxiboko irudian.

Ostegunean, elur-maila 900-1.000 metrotan kokatuko da eta, arratsaldean, 700-800 metrotara jaitsiko da; beraz, maila ertain-altuetan metatutako elur kantitatea nabarmena izango da.

Bestalde, haizeak gogor joko du, hasieran mendebaldetik eta ondoren iparraldetik eta ipar-ekialdetik. Bolarik bortitzenak kostaldean izango dira, eta baliteke olatuak 3,5 metrotik gorakoak ere izatea.

Ostiralean, elur-maila gehiago jaitsiko da. Ziurrenik 500-600 metro artean kokatuko da, eta baliteke eguneko zenbait momentutan gehiago jaistea. Asteburuari dagokionez, ziurrenik giro hotza eta nahiko lehorra izango da.

Aste honetako gehieneko tenperaturak 5 ºC eta 10 ºC artekoak izango dira kostalde inguruetan eta 5 ºC ingurukoak barnealdean. Gutxieneko tenperaturak, ordea, 0 ºC ingurukoak izango dira barnealdean, batez ere, mendi inguruetan.

Horrenbestez, astea korapilatsua izango da alderdi meteorologikoari dagokionez. Prezipitazioak nabarmenak izango dira, bereziki, Kantauri isurialdean eta, barnealdean, elurteak izango dira maila nahiko txikietan.

Gomendioak denboraleen aurrean (pdf)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun