Sevilla II espetxean dauden euskal preso politikoek 24 egun daramate borrokaldian, bertoko bizi baldintzak salatzeko asmoz. Haien senideek atzoko prentsaurrekoan adierazi bezala, egoera gero eta "hauskorragoa" da. Horren adibide, Urtzi Paul Larrea getxoztarrari azaroaren 10ean gertatu bezala, Garikoitz Etxeberria Goikoetxea lizartzarrak utzi behar izan zuen atzo gose greba mugagabea, osasun arazoak direla-eta. Gauzak horrela, horiek ere itxialdian dira Azkorriko laguna, Jabi Agirre Odriozola azpeitiarra eta Iñaki Arakama Mendia gasteiztarra bezala. Manu Gonzalez Rodriguez laudioarra, berriz, kalera atera da, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta. 197/2006 doktrina ezarria zuen. Sevilla II-ko presoei elkartasuna adierazteko, Algortan, Etxerat elkarteak astelehenetik ostegunera egin ohi duen kartelada baliatuko dute. Hitzordua 20:00etan izaten da Algorta Etorbidea eta Telletxe kalearen arteko bidegurutzean. Horretaz gain, ostiralean mobilizazioa izango da 20:00etan Telletxe plazan. Argazkian, joan den ostiralean 67 lagunek egin zuten elkarretaratzea Algortan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!