Ostiralera helduta, formazioa izango dute hizpide. Auto gestio tailerrak egingo dituzte hainbat adinetako neska-mutilentzat, udaletxe plazan. 17:30ean, umeekin jostailuak eta paper birziklatuzko objektuak sortuko dituzte. 18:30ean, toki berean, pankartak, graffitiak eta oinarrizko elektrizitate lanak irakatsiko dizkiete gazteei.
Azkenik, larunbatean, egun nagusia izango da. Goizeko 11etatik aurrera, gazte azoka izango da udaletxe plazan, gaztetxeak duen baliabide anitzek alaituta. Gauzak horrela, eskalada murruaz, slack-linez, roller delakoaz eta txalapartaz gozatu ahal izango da, azoka bitartean. Herri bazkaria arratsaldeko 3etarako iragarri dute, ondoren bazkalostea izango da, Norkdaki ekimena dela medio. 18:00etan, gazte bertso triki-kalejira jarriko da martxan herriko tabernetatik, 21:00ak aldera gaztetxera heltzeko. Bertan, Mandoilek eta isiltasunean mantendu duten ezusteko talde batek emango dute kontzertua, urtebetetze ekitaldia burutuko da eta gaua irekitzeko 3gabe2 erromeria taldea arituko da.
Gaztetxearen sorrera
2011ko urriaren 23an aurkeztu zuten zentro sozial autogestionatu berria Altzagako Jose Luis Goioaga kaleko 11. zenbakiko Faro enpresa ohian. Hurrengo egunean, dozena bat udaltzainek epaile agindurik gabe atea bortxatu, sartu eta barruko materiala bahitu zuten. Gaztetxea itxi bitartean, kanpoan hiru gazte identifikatu zituzten, gerora epaitegian salatu zituztenak. 48 orduren bueltan, gazteek Kalezulo zabaldu zuten berriro. Handik hilabete batzuetara, auzia artxibatu zuen epaileak. Kalezulo gaztetxea aurkezteko prentsaurrekoa otsailaren 15ean egin zuten.
Bi urteen laburpena argazkitan (© Kalezulo gaztetxea)