Urriaren 21ean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio tafallarraren helegitearen aldeko erabakia plazaratu zuenetik, 33 euskal preso politikok utzi dute espetxea. GRAPOko hiru kide ere aske utzi ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Beste 24 dira, ordea, eskuartean dituen helegiteak. Tartean, Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrarena. Maiatzaren 4ean kalean egon behar zuen Itzubaltzeta / Romoko lagunak, baina 197/2006 legea edo "Parot doktrina" ezizenez ezaguna dena aplikatu zioten eta Valladolideko espetxean jarraitzen du. Gauzak horrela, Gonzalo Casal edozein momentutan kalera dezaketelakoan, asanblada herrikoia deitu du biharko Itzubaltzetako Herri Bilguneak. Hitzordua 20:00etan jarri dute, kultur etxean. "Edozein momentutan Kitxu aska dezakete eta, horregatik, herri bezala lanari ekitea ezinbestekoa da", adierazi dutenez. Argazkian, 197/2006 doktrina bertan behera utzi eta Gonzalo Casal askatzeko aldarrikatu zuten urriko Azken Ostiralean, Itzubaltzeta / Romon.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!